Hiru proiektu garatuko dituzte Urola Erdian, langabeziari aurre egiteko

Urola Kostako Hitza, Uztarria.com 2013ko ots. 1a, 18:54
Begoña Beobide (Loiola Berrikuntza), Pello Bastarrika (Azkoitiko alkatea), Eneko Etxeberria (Azpeitiko alkatea), Leire Etxeberria (Zestoako alkatea) eta Alvaro Villar (Aizarnazabalgo alkatea), atzoko prentsaurrekoan.

Ingurumenarekin lotutako zerbitzuak sortu, ekintzailetasuna sustatu, eta langabetuak formatuko dituzte, udalek sustatu eta Loiola Berrikuntza garatzen ari den Enplegu Planaren barruan.

Urola Erdian ekonomia sustatu eta lanpostuak sortzeko abian jarri duten Enplegu Planak dagoeneko baditu proiektu zehatzak. Azaroan zabaldu zuten proiektuak aurkezteko epea, eta ordutik hiru egitasmo jaso dituzte. Eta bailarako sei udalek (Azkoitia, Azpeitia, Aizarnazabal, Beizama, Errezil eta Zestoa) hirurak aurrera eramatea erabaki dute. Loiola Berrikuntzak, berriz, proiektuak kudeatu eta diseinatu ditu. Atzo, osteguna, eman zuten guztiaren berri prentsaurrean udaletako eta Loiola Berrikuntzako ordezkariek, Azpeitiko udaletxean. Bailarako udaletako alkateek azaldu dutenez, hitzetatik ekintzetara pasatzea lortu da, enplegua sortzeko ekintza zehatzak jarriko dira martxan, eta hori aurrerapausoa delakoan daude.

Aurkeztutako egitasmoetako batek Urola Erdia ekobailara bilakatzea du ardatz. Ekobailara ekimenaren helburua jasangarritasuna sustatzea da. Hala, ingurumenaren aldeko zerbitzuak garatuko dituzte horren baitan. Era berean, tokian tokiko produktuak eta nekazaritza izango ditu ardatz. Proiektu honen baitan sei lanpostu sortuko direla aurreratu du Begoña Beobidek, Loiola Berrikuntzako zuzendariak. Sei beharginek eskualdeko herritarren sentsibilizazioa indartzeko lan egingo dute, eta ekoteknologiarekin eta baserritarrek ekoiztutako produktuak bultzatuko dituzte, besteak beste.

Beste proiektuetako bat langabetuei, erregulazio txostenak dituztenei eta formazio baxuko pertsonei zuzendutako ikastaro espezializatuak dira, haiek "berriro kualifika" daitezen. Izan ere, erakundeek uste dute herritarrak egungo merkatura egoki daitezen, formazioa jasotzea modu eraginkorra dela. Beobidek azaldu duenez, arlo askotako tailerrak emango dituzte; hala nola, hirugarren adinekoen ongizatea, kudeaketa komertziala eta internazionalizazioa izango dute aztergai.

Azkenik, ekintzailetasuna eta autoenplegua sustatzeko proiektuak finantzatuko dituzte eskualdean. Egitasmo horietan, besteak beste, informazioa, komunikazioa eta teknologia arloko ekimenak bultzatuko dira.

Proiektuak aukeratzerako orduan, Lanbidek aurretik zehaztutako irizpideak hartu dituzte kontuan udalek. "Jasangarritasuna, enplegu berdea edo teknologia berriak izan dira Lanbidek zehaztutako irizpideetako batzuk. Era berean, bailarako proiektu batean gutxienez sei lanpostu sortzea ere baldintzetako bat izan da".

Urola Erdiko Enplegu Planaren diagnosi sozio-ekonomikoa egin, eta estrategiaren ildo nagusiak erabaki ondotik zabaldu zuten udalek proiektuak aurkezteko deialdia. Hain zuzen, diagnositik ateratako datuak hartu dituzte kontuan proiektuak osatzekoan, Beobidek adierazi duenez: "Bailarako langabetu gehienak 25 eta 44 urte artekoak direla ikusi dugu, eta hezkuntza aldetik derrigorrezko ikasketak dituztela. Luzera begira lanpostu bat izan dezaten, formazioa sustatzea lehenetsi da". Proiektuak bideratzeko azterketan ateratako emaitzak hartu dituzte kontuan.

Hiru proiektuak dagoeneko onartu ditu Lanbidek. Orain guztiak gauzatu ahal izateko Lanbideren diru-laguntzen zain daude, eta lortutakoan hasiko dira egitasmoak gauzatzen.