Urola Erdiko Enplegu Planerako egitasmoak aurkezteko epea zabaldu dute bailarako udalek

Urola Kostako Hitza 2012ko aza. 14a, 12:20
Ezkerretik eskubira, BegoƱa Garmendia Beizamako alkatea, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea, Pello Bastarrika Azkoitiko alkatea, Leire Etxeberria Zestoako alkatea eta Maria Jesus Salsamendi Errezilgo alkatea. (Nerea Uranga)

Diagnosi bat egin, eta lehen hiru hilabeteetako langabezia tasa %13,10ekoa dela ondorioztatu dute. 

Urola Erdiko Enplegu Planaren diagnosia egin, eta estrategiaren ildo nagusiak erabaki ondoren, bailaran enplegua edo aktibitate ekonomikoa sor dezaketen proiektuak aurkezteko epea ireki dute. Egitasmoak azaroaren 26rako aurkeztu behar dira Loiola Berrikuntza Fundazioan eta informazioa ere bertan eskura daiteke, info@loiolaberrikun-tza.org helbide elektronikora idatzita.

Orain dela hilabete eta erdi inguru Urola Erdiko udalek, batera eta elkarlanean, bailarako egoera ekonomiko larriari aurre egiteko konpromisoa hartu zuten, "ekonomia berpiztu eta enplegua sortzea helburu hartuta". Hala, Urola Erdiko Enplegu Plana abiatu zuten. Diagnostikoa eta estrategiako lerroak zehazteko bailara mailako foro soziekonomikoa ere sortu eta martxan jarri zuten. Atzo, asteartea, Azkoitiko udaletxean, Urola Erdiko alkateek diagnosiaren ondorio nagusiak eta estrategia lerroak aurkeztu zituzten.Urola Erdiko diagnosia sozioekonomikoaren emaitzak "oso txarrak" direla nabarmendu zuen Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak. "Gainera, datuak egunetik egunera gordinagoak dira: enplegu galera eta enpresa txiki eta ertainen itxiera azkartu egin da; autonomoak ere gaizki dabiltza; eta, merkataritza okertzen ari da, krisia nabarmen antzemanez eta BEZaren igoeraren kolpe handiarengatik". Adibide gisa, aurten lehen hiruhilekoan Urola Erdiak %13,10eko langabezia tasa zuen, eta uztailetik irailera bailara 1.882 langabetu izatetik 2.013 edukitzera igaro da.

Denak batera, ekintzetara

"Hitzetatik ekintzetara" pasatzeko garaia dela esan dute alkateek, "erabakiak hartu eta ekintza desberdinak diseinatu eta martxan jarriz". Horretarako, udalak batera eta eragile sozioekonomikoekin elkarlanean aritzeko konpromisoa hartuta dute. Baina, alkateen esanetan, herritarrekin eta herritarren gertu egotea "derrigorrezkoa" dute. Era berean, etorkizun oparo baterako bidean, "herritarren beharrei erantzuteko eta bizipoza emateko" ahalegina egin eta oinarriak jarriko dituztela azpimarratu dute. "Horretarako denon indarraren beharra dugu eta denon artean egin beharreko ahalegina da", esan dute.

Estrategia lerro nagusiak

Diagnosia sozioekonomikoaren ondorio nagusiak jakinda, bailarako foro sozioekonomikoan enplegua sortzeko ildo nagusiak zehaztu dituzte. Horien artean, enplegua sortzeko prestakuntzara-

ko proiektuak lehenetsi dituzte, batik bat emakumeak, kualifikazio gabekoak edota 45 urtetik gorako pertsonak kontuan hartuta. "Lan mundura sartzeko zailtasun erantsiak dituztenei aukera bat emateko zuzendutako egitasmoak bultzatzea da estrategiaren ildo nagusietako bat", azaldu du Begoña Garmendia Beizamako alkateak.

Horrez gain, sustatzeko eta dirulaguntza emateko ildo nagusien artean, ekintzailetasuna eta autoenplegua bultzatzea ere gehitu dute Enplegu Planaren estrategiaren baitan. Baita ere, bailararako interes estrategikoa izan dezaketen proiektuak, ideiak edota ekimenak bultzatzea eta laguntzea. Horiez gainera, Urola Erdiko enpresen lehiakortasuna areagotzeko dirulaguntza zuzentzea ere aintzat hartu dute estrategiako lerroak lehenesteko orduan.

Enplegu Planaren diagnosia eta estrategia lerroak erabakitzea "abiapuntua" besterik ez dela nabarmendu du Pello Bastarrika Azkoitiko alkateak. "Estrategian sakontzen segitzeko eta esparru desberdinetan eskualdearen garapena hobetu eta elkarlanean" segituko dutela azaldu dute bailarako alkateek.

Diagnosi sozioekonomikoaren ondorio nagusiak

Lan Merkatua:

Langabezia, %13,10ekoa: 2012ko lehen hiruhilekoan Urola Erdiak %13,10eko langabezia tasa izan du. 2012ko uztailetik irailera, Urola Erdia, 1.882 langabetu izatetik 2.013 izatera pasatu da; %7ko igoera izan du.

Gizonezko langabetu gehiago: Gizonezkoen langabetu kopurua %284,4 hazi da 2007tik 2012ra, emakumeena aldiz %120,5. Gizonezko langabetuak 1.034 dira eta emakumeak 979.

Erdiak 25 eta 44 urte artekoak: Langabetuen %52 25 eta 44 urte bitartekoa da.

Kontratuak behera: 2012ko irailean 2007ko irailean baino %23,27 kontratu gutxiago izan da. 2012ko irailean 100 kontratutatik 94 aldi baterakoak izan dira.

Jarduera ekonomikoa:

Establezimenduen ekintzaile tasa behera: 2011n, azken 6 urteotako Urola Erdiko tasarik baxuena eman zen.

Industrian eta Zerbitzuak enplegu gehien deuseztu: 2007ko irailaren eta 2012ko irailaren artean enplegu gehien deuseztu duten sektoreak industria eta zerbitzuak dira. Eraikuntza sektoreko langabetuak laukoiztu egin dira.

Kontratazioen jaitsiera sektoreka: Kontratazioen jaitsiera nabarmena da 2007ko irailetik 2012ko iraila artean: industrian %60,7 gutxiago; eraikuntzan %64,3 jaitsi da; nekazaritzan %14,29 gutxiago; eta, zerbitzuan %5,8 egin du behera.

Prestakuntza, ezagutza:

Prestakuntza maila baxua: 10 langabetutatik 6k ez du derrigorrezko ikasketatik haratagoko prestakuntzarik.

25 urtez azpiko langabetuak: 10etik 8k derrigorrezko ikasketak edota lanbide heziketa ikasi ditu. Soilik 25 urtez azpiko 10 langabetutik 2k ditu ikasketa unibertsitarioak.

Lanbide heziketa ikasitako langabetuak: Langabetuen artean Lanbide Heziketa ikasi duten langabetuen pisua gero eta handiagoa da; %16tik %22ra hazi da.

Langabetu kopuru handiena: Langabetuen %62 25 urtetik gorakoa da eta soilik derrigorrezko ikasketak dituen gizonezko eta emakumezkoa.

Eskaera: Orokorrean, enpresak maila altuko ikasketak eta hizkuntzak eskatzen ari dira. Maila baxuko ikasketak dituzten langileen eskaria nulua da.

Datuak alderatuz:

Langabezia Gipuzkoa mailakoa baino handiagoa: Urola Erdian 2012ko lehen hiruhilekoan langabezia tasa %13,10ekoa izan da; Gipuzkoan, berriz, %12,99koa. 2006an, aldiz, Urola Erdiak %5,6ko langabezia tasa zuen eta Gipuzkoak %7,2koa.

Herriz herri langabezia tasa 2012ko lehen hiruhilekoan: Aizarnazabalen, %16,75; Azkoitian, %13,15; Azpeitian, %13,06; Beizaman, %9,28; Errezilen, %9,42; eta, Zestoan, %12,04.

Herriz herri langabetu kopurua pasa den irailean: Aizarnazabalen, 63 langabetu; Azkoitian, 768; Azpeitian, 927; Beizaman, 9; Errezilen, 34; eta, Zestoan, 212.