Esteban Elizondo: "Akilino Amezuak bere garaiko organo garrantzitsuenak egin zituen"

Urola Kostako Hitza 2012ko urr. 19a, 19:01
Esteban Elizondo.

Azpeitiar organogilearen heriotzaren mendeurreunean antolatu den egitarauaren barruan hitzaldia emango du gaur, ostirala, Elizondok. Udaletxean izango da -eta ez Sindikatu Zaharrean, hasieran hala iragarri bazen ere-, 19:00etan.

Akilino Amezua organogilea hil zela ehun urte beteko dira bihar, zapatua. Mendeurren horren harira ekitaldiak antolatu dituzte Azpeitian, gaur hasi eta hilaren 27ra arte. Besteak beste, erakusketa jarriko dute Erdikaleko Agirre opari-dendan. Gaur, 19:00etan, udaletxean Esteban Elizondo (Donostia, 1945) organoko katedradunak Akilino Amezuaren bizitzari eta lanari buruz hitzaldia emango du. Horrez gain, organogilearen oroimenez Loiolako basilikan joko du igandean, 20:00etan.

Zein izan zen Akilino Amezua?

XIX. mendean Bizkaitik Azpeitira etorri ziren bi organo-egileren semea eta biloba da Akilino Amezua. Orduan, guda karlistagatik lanik gabe gelditu eta Azpeitira etorri ziren bizitzera. Juan Amezuak, Akilinoren aitak, zazpi seme-alaba eduki zituen, eta haietatik lauk organoak egiten jardun zuten. Aita organo barrokoen eskolakoa zen. Baina Akilinok etxetik Frantziara alde egin zuen, eta Europako hainbat herrialdetan ibili, eta organogintza ikasi zuen. Gero, berriro Espainiara itzuli zen, baina ez Azpeitira, Valentziara baizik. Garai hartan han baitzeuden bere aita eta anaiak.

Gizon bezala nahiko oinaze izan zituen; arazoak eta liskarrak izan baitzituen. Izaera gogorreko gizona zen, eta horretaz guztiaz jardungo dut hitzaldian.

Itzuli eta organo tailerrak sortu zituen, ez al da hala?

Aurrena, Bartzelonan sortu zuen organo tailer bat, baina ondoren beste batzuk sortu zituen Pasaia San Pedron, Azpeitian eta Donostian. Orduan garai hartako organo garrantzitsuenak eraiki zituen; esaterako, Bartzelonako Erakusketa Unibertsalekoa, Sevillako katedralekoa, Bogotako katedralekoa, eta beste asko Espainian, Filipinetan eta Kolonbian. Ondorioz, esan daiteke Akilino Amezua Espainiako organo erromantikoaren sortzailea dela. Gainera, eskola sortu zuen gizona ere badela esan dezakegu, bere lanaren ondorengo izango ziren hainbat organo tailer sortu baitziren Katalunian eta Euskal Herrian. Esan dezakegu, orduz gero sortutako organogintza guztia Akilino Amezuari zor zaiola.

Noiz hasi zinen zu Akilino Amezua aztertzen?

Orain dela 10 urte doktoretza-tesia egiteko hasi nintzen Akilino aztertzen. Nire tesian kapitulu garrantzitsu bat eskaini nion hari. Orduan hasita, hari buruzko liburu bat prestatu dut, eta datorren urtean argitaratzea espero dut. Liburua Akilinori buruzkoa da eta garai hartan berak idatzitakoak jaso ditut, organogintzaren munduan Akilino Amezua pertsonaia garrantzitsua baita.

Organogintzan Azpeitiak nolako indarra izan du?

Amezuaren aitona eta aita Azpeitira etorri zirenetik gaur egunera arte, 150 urte baino gehiagoan, Azpeitia organogintzako zentroa izan da. Urte askoan, Akilino bera Azpeitian jarri eta Organeria Española bukatu zen arte, Azpeitia organogintzan Estatu Espainiar osoko zentro garrantzitsuena izan zen. Gaur egun, Azpiazuren semeak gelditzen dira, beraz oraindik ere zerbait badago, baina gai honetan Azpeitia oso zentru garrantzitsua izan da.

Organojole zaren aldetik, Akilino Amezuak eraikitako organorik jotzeko aukerarik izan al duzu?

Akilinok eraikitako organo handien artean gelditzen den garrantzitsuena Berakoa da -nire ama hangoa da- eta ondo ezagutzen dut hura. Zegamakoa ere ondo mantentzen da, baina hau txikia da. Pena da, baina Bartzelonako eta Sevillako organo handiak desagertu egin dira. Kolonbiako katedralekoa, berriz, ematen duenez ia osorik mantentzen da eta gainera eraberritzeko asmotan omen dira. Orain, gainera, Kolonbiako Kulturako ministroak esan du Amezuaren organoa eraberritu egingo dutela. Hori oso berri ona da, izan ere Akilinok egindako hiru organo garrantzitsuetako bat da. Hura jotzeko aukera izatea espero dut.

Kasualitatez, Kolonbian organoa jotzera gonbidatu ninduten, baina oraindik data zehazteko gaude.