Akilino Amezua zenaren omenez hainbat ekimen izango da

Uztarria.eus 2012ko urr. 4a, 16:56

Akilino Amezua organo-egilea hil zela ehun urte dira aurten, eta hainbat ekimen antolatu dute urteurrenaren karietara. Hitzaldiak eta kontzertuak izango dira, "Amezuak egindako organoak dauden tokietan".

Akilino Amezua organo-egilea hil zela ehun urte dira aurten, eta hainbat ekimen antolatu dute urteurrenaren karietara. Eneko Etxeberria alkateak jakinarazi duenez, "azpeitiar ilustrea zen Amezua, eta hura hil zen ehungarren urteurrenean hainbat ekitaldi antolatu ditu Azpeitiko Udalak". Imanol Amenabar kultura zinegotziak azaldu du, "Amezua pertsona garrantzitsua izan zela Azpeitiarentzat, organoen bidez herrira dirua ekarri eta Azpeitia Europa mailan ezagutzera eman zuelako".

Ekimenak antolatzen aritu dira Jose Inazio Alberdi, Jose Luis Frantzesena, Juan Antxieta Musika Eskola, Julian Barrenetxea abesbatza, Urrestillako abesbatza, Udal Musika Banda eta beste hainbat talde. Antolatu dituzten kontzertu eta ekimenak Udazkenean Abesbatzak zikloarekin lotu dituzte.

Urriaren 19an, ostirala, Akilino Amezuaren bizitzaren eta egindako lanen inguruko hitzaldia eskainiko du Esteban Elizondok, 19:00etan hasita, Sindikatu Zaharrean. Hilaren 20an, berriz, meza eta organo kontzertua izango dira Frantziskanetako elizan, 17:00etan hasita. Maiatxien Urkiak abestuko du eta Jose Luis Frantzesenak joko du organoa. Hurrengo egunean, urriaren 21ean, meza eta organo kontzertua eskainiko dute Juan Antxieta Musika Eskolako ikasleek, 10:30etik aurrera, Esklabetako elizan. Gero, 13:00etan, Udal Musika Bandaren kotzertua izango da Sanagustin kulturgunean. Azken ekimena, hilaren 27an izango da. Urrestillako abesbatzak eta Julian Barrenetxea abesbatzak, Itziar Urbieta organo-jotzailearen laguntzarekin kontzertua eskainiko dute, 19:30ean hasita, Urrestillako elizan.

Kontzertuak eskainiko dituzten lekuak "Amezuak egindako organoak dauden tokietan" izango direla azaldu dute antolatzaileek.