Uztarria Kultur Koordinakundearen ibilbidea

Uztarria Azpeitiko Kultur Koordinakundea 1998ko martxoaren 3an sortu zen, aurreko urritik bilerak egiten aritu ondoren. Hain zuzen, herriko euskara eta kultur talde askok eta euskararekin, kulturarekin eta komunikazioarekin zerikusia duten azpeitiar ezagunek sortu zuten. Hiru ardatzak:

  • Komunikazioa. Herri aldizkaririk ez zegoen orduan, Internet hutsik, herriko telebista bere kontura zebilen...
  • Euskara. Udal euskara teknikaririk ez zegoen, Udal Euskara Batzorderik ere ez, Udal Euskara Patronatorik ere ez, euskara elkarterik ere ez, eta euskararen normalizazio plan estrategikorik ere ez.
  • Kultura. Kultur etxerik ez, kultur dinamika eskasa, kultur taldeen artean koordinaziorik ez, kultur plangintza falta.

2008ko martxoaren 8an, Uztarriak kultur koordinakunde izateari utzi zion, "helburuak beteta". Azpeitian badira bilgune zabalak, proiektu estrategikoak eta baliabideak. Uztarriak komunikazio talde gisa segitu zuen; kultur arloan, sortu berria (2006) zen Kultur Mahaiak hartu zuen protagonismoa.

1998tik Komunikazioa arloan egindakoa

Koordinakundea zela:

1998ko martxoa (3). Uztarria Kultur Koordinakundearen sorrera. Aurkezpena komunikabideen aurrean. Uztarriaren hiru ardatzen artean, komunikazioa —besteak: euskara eta kultura—.

1998ko martxoa-1999ko martxoa. Uztarria kultur agenda banatu zen hilero, 4.000 ale.

1999ko apirila (24). "Herri aldizkari zabal" baten aldeko prentsaurrekoa egin zen herrian, Uztarriak antolatuta, ekaineko udal hauteskundeen aurretik. Atxikimendu ugari, askotarikoak.

1999ko azaroa (5). Uztarria herri aldizkariaren sorrera: 1. zenbakia. Oso harrera ona. Bazkide aldetik helburua: 333 bazkide. Informazio aldetik helburua zabala izatea eta kalitatearen bila joatea. Harrezkero ateratako aldizkari zenbaki denak hemen.

2000ko martxoa. Azpeitiko Udalak lokala utzi zion Uztarriari. Erreferentzia gunea (gerora lokal aldaketa gehiago izan ditu). Uztarriak liberatu bat eta erdiren kontratazioa egin zuen aldizkarirako.

2000ko ekaina (27). Azpeitiko Udalarekin Komunikazio hitzarmena. Bi urtekoa (2000-2001).

2000ko urria (10). Uztarriaren bazkideen lehen batzarra. 2000an helburuak bete egin zirela azaldu zen; besteak beste, herri aldizkaria sortu eta sendotzea, bazkide ugari lortzea, publizitatean ateak zabaltzea...

2001eko maiatza (26). Uztarriak Joxe Urbieta Takolo biografia aurkeztu zuen, Enekoitz Esnaolak egina. Mendizalea zen Takolo, Everest-80ko partaideetakoa. Uztarriak informazio alorrean sakontzeko ekin zion biografiak ateratzeari.

2001eko iraila (22). Uztarriak Angel Otaegi biografia aurkeztu zuen, Iban Arregik egina. 1975ean fusilatu zuten Otaegi ETAko kidea.

2001eko azaroa (hasiera). Baite Euskara Elkartea euskara aldizkaria ateratzen hasi zen, hilero lau-zortzi orrialdekoa. 2003ko abendua bitartean 19 zenbaki atera zituen; 2003ko azaroaren 29an Baitek eta Uztarriak bat egin zuten, Uztarriak segitu zuen, herri aldizkariaz gain, euskara aldizkaria ateratzen 2004ko martxoa bitartean (20, 21 eta 22. zenbakiak) eta 2004ko apiriletik atal hori Uztarria aldizkari barruan atera zen, urteetan, edo atal gisa.

2002ko urtarrila (3). Uztarriaren Komunikazio proiektu berritua. herri aldizkari berritua eta web orri berriaren sorrera (Uztarria.com). Liberatu erdi baten kontratazioa.

2002ko iraila (28). Uztarriak Imanol Eliasen biografia aurkeztu zuen, Mailo Oiarzabalek egina. 1.200 aleko tirada.

2003ko otsaila (8). Uztarriak Patxi Altunaren biografia aurkeztu zuen, Josune Etxeberriak egina. Liburu biografikoen proiektuaren azken lana. 1.000 aleko tirada.

2003ko uztaila (18). Literatuzta literatur aldizkariaren 1. zenbakiaren aurkezpena, Uztarria Kultur Koordinakundea barruko Literatuzta Taldeak eginda. Enparan dorretxearen atzeko zelaian egin zen ikusentzunezko ekitaldian idazleek euren idatziak irakurri zituzten irudiz eta musikaz lagunduta.

2003ko azaroa. Etorkinei begira oinarrizko hiztegia argitaratu zuen Baitek. Bertan, egunero erabiltzen diren oinarrizko hitzak euskara batutik zazpi hizkuntzara itzuli zituen, eta Azpeitiko euskaran ere eman zituen. 200 hitzeko hiztegia. Beste hainbat herritan zabaldu zuen hiztegia 2004tik aurrera Hitzeko enpresak (Uztarriak sortu zuen, 2004ko martxoan).

2003ko azaroa (29). Bazkideen batzarrean Baite Euskara Elkarteak Uztarria Kultur Koordinakundearekin bat egitea erabaki zen, eta ondorioz, Baite desegitea. Gaur egun, Uztarria Kultur Koordinakundeko Euskara arloak bete zuen Baiteren egitekoa.

2003ko abendua (6). Azpeitiko efemerideak liburua aurkeztu zuen Uztarriak. Liburua Imanol Eliasek egin zuen Uztarriarekin elkarlanean, eta altxorra da azpeitiarrontzat. Egunez egun herriko historia biltzen da bertan. Uztarriaren web orrian osoa dago, eta eguneratzen joan da Uztarria. 1.200 aleko tirada.

2004ko urtarrila (17). Urola Kostako Hitza egunkariaren 0 zenbakia banatu zen. Uztarria Kultur Koordinakundea, egunkariaren enpresako kideetako.

2004ko otsaila (20). Urola Kostako Hitza egunkariaren 1. zenbakia banatu zen.

2004ko apirila. Literatuzta-ren 2. zenbakia argitaratu zen.

2004ko maiatza (22). Azpeitiko mendi gida. Gure inguruak ezagutzen liburua aurkeztu zuen Uztarriak. Lagun Onak Mendi Bazkunarekin elkarlanean. 19 ibilaldiren nondik norakoak azaltzen dira. 1.500 aleko tirada.

2004ko ekaina (11). Komunikazio hitzarmena sinatu zuten Uztarriak eta udalak (2004-2007koa).

2004ko uztaila. Literatuzta-ren 3. zenbakia.

2004ko urria (30). Euskarazko prentsa eta Azpeitia liburua aurkeztu zuen Uztarriak. Euskarazko prentsak Azpeitian izan duen lekuaz eta garapenaz dihardu. 1.500 aleko tirada.

2005eko urtarrila: Literatuzta-ren 4. zenbakia.

2005eko urtarrila (28): Uztarria.com-ek 2005eko Sareko Argia Saria irabazi zuen Internet arloan.

2005eko martxoa: Literatuzta-ren 5. zenbakia.

2005eko ekaina (3): Loiolarik ez balitz liburua aurkeztu zuen Uztarriak. Iñigo Aranbarri eta Jose Luis Otamendi idazleek idatzitako liburua. Literaturaren historia soziala egin nahi izan da liburuan. 1.800 aleko tirada (Azkoitian ere banatu zen).

2005eko uztaila: Literatuzta-ren 6. zenbakia.

2005eko urria (3): Uztarria.com blogekin hasi zen. Bederatzi lagunek ekin zioten: Estitxu Elduaien, Juan Joxe Agirre, Iosu Badiola, Txetxu Urbieta, Nerea Aranguren, Begoña Elias, Alaitz Olaizola, Xabier Alday eta Xabier Gantzarainek. 

2005eko azaroa: Literatuzta-ren 7. zenbakia.

2005eko abendua (28): Otsobeltz liburua aurkeztu zuen Uztarriak. Andoni Salegik egina. Komiki liburua. 1.400 aleko tirada.

2006ko martxoa (28): Uztarria.com bideoekin hasi zen.

2006ko martxoa: Uztarria.com herriko taldeen blogekin ere hasi zen.

2006ko apirila (1): Uztarria eskuko kultur agenda ateratzen hasi zen, Azpeitiko elkarteen hileko ekitaldien berri emanez. Mila aleko tirada, hilero.

2006ko apirila: Literatuzta-ren 8. zenbakia.

2006ko ekaina (3): Urrestillako musika taldeak liburua aurkeztu zuen Uztarriak. Asier Sustaetak egina. Urrestillako lokaletan entsegatzen duten musika taldeen inguruko liburua. 1.200 aleko tirada.

2006ko iraila (29): Azpeitiarrak Espainiako Gerran liburua aurkeztu zuen Uztarriak. Amaia Mendizabalek egina. Historia liburua. 1.500 aleko tirada.

2006ko abendua. Literatuzta literatur aldizkariaren 9. eta azkeneko zenbakia atera zen. Aldizkaria 2003ko uztailean sortu zen. 

2007ko iraila (22). Urola Kostako Hitza egunkariaren 1.000. zenbakia.

2007ko abendua (21). Uztarriak Urolaldeko bertso zaharrak bilduma berrargitaratu zuen, CDan, Erniarraitz Bertsozale Elkartearekin batera. 1.500 aleko tirada.

2008ko martxoa (1). Uztarriak Oroitarri bertso pasadizoen liburua aurkeztu zuen, Kepa Urbietak idatzita.

2008ko martxoa (7). Komunikazio hitzarmena sinatu zuten Uztarriak eta udalak (2008-2011koa).

2008ko martxoa (8). Uztarriak kultur koordinakunde izateari utzi zion, helburuak beteta. Hamar urte egin zituen koordinakundeak. Kulturan, Kultur Mahaiak hartu zuen protagonismoa. Uztarriak Komunikazio Talde gisa segitu zuen. Barne gogoetako erabakia ekitaldi batean egin zuen publiko.

Komunikazio Taldea denetik:

2009ko martxoa. Liburuxka biografikoen proiektuari heldu zion Uztarriak. Julian Bereziartua medikuari buruzko biografia aurkeztu zuen, Ander Ugarte kazetariak idatzitakoa.

2009ko uztaila. Leo Etxeberriari buruzko liburuxka biografikoa, Miren Garate kazetariak egina.

2009ko azaroa. Valentina Agirre emaginari buruzko liburuxka biografikoa. Olatz Pratek idatzi zuen lana.

2010eko maiatza. Santi Lazkano txirrindulari zenari buruzko liburuxka biografikoa. Nekane Zinkunegi kazetariak egin zuen lana.

2010eko ekaina. Amaia Garmendiari buruzko liburuxka biografikoa, Xabier Otamendik idatzia.

2011ko apirila. Enkarna Arregi moja ohiari buruzko liburuxka biografikoa. Alex Silvak osatu zuen lana.

2011ko azaroa. Iñaki Bergara Pio aktoreari buruzko liburuxka biografikoa, Monika Juaristik idatzitakoa.

2012ko otsaila. Uztarria.eus berritua aurkeztu zuen komunikazio taldeak. Webgunea sortu eta hamar urtera iritsi zen aldaketa. Lau atal nagusitan banatu zuen eduki guztia: aktualitatea, komunitatea, zerbitzuak eta Azpeitia.

2012ko apirila. Bernardo Aizpitarte Kabra-ren biografia, Joxin Iturriozen idatzirikoa.

2012ko azaroa. Enrike Zurutuza albaitari zenari buruzko biografia; Ihintza Agirretxek idatzi zuen.

2013ko abendua. Maria Jesus Arregiri buruzko biografia liburua, Eneritz Albizuk idatzitakoa.

2013 otsaila-2015eko martxoa. Aho bizarrik gabe solasaldi zikloa antolatu zuten Azpeitiko Kultur Mahaiak, Erlo Telebistak, Sanagustin kulturguneak, Urola Kostako Hitzak eta Uztarria Komunikazio Taldeak elkarlanean. Martxelo Otamendi, Juan Jose Ibarretxe, Benito Lertxundi, Maddalen Iriarte, Jose Maria Setien, Amets Arzallus, Jesus Egiguren, Jon Sarasua, Edurne Brouard, Fermin Muguruza, Ramon Saizarbitoria eta Gaizka Garitano izan ziren Sanagustinen, solasaldiak eskaintzen. Saio denak sare liburu batean bildu zituzten.

2013ko apirila. Errezildarren ateraldiak liburua. Laxaro Azkunek, Imanol Lazkanok eta Joan Jose Eizmendi Loidisaletxek egindakoa.

2015eko abendua. Patxi Azkargorta zenari buruzko liburuxka biografikoa, Aintzane Larrañagak idatzitakoa.

2016ko urtarrila. Jose Luis Frantzesenari buruzko liburuxka, Maialen Etxanizek idatzia.

2018ko urtarrila. Azpeitiarrez Natul liburua aurkeztu zuten Natul euskara elkarteak, Uztarriak eta Azpeitiko Udalak elkarlanean.

Euskara arloan

2001eko otsaila (10). Baite Euskara Elkartearen sorrera. Izaera zabala. Uztarria izan zen bertako sustatzaileetako bat. Besteak beste, gero euskara aldizkaria egiten hasi zen Baite, eta Uztarriarekin batera banatzen zen, erdian.

2001eko apirila. Azpeitiko Udalak bizkar eman zion Kontseiluaren planari, eta Eusko Jaurlaritzako Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiari (EBPN) heldu; 2001eko abenduaren 2an jarri zuen martxan EBPN.

2001eko azaroa (8). Baite Euskara Elkarteak (Uztarria zen kideetakoa), komunikazio eta kontzientziazio arloan, hitzaldiak antolatzeari ekin zion, kontzientziazioa zabaldu nahian. Baitek eta Uztarriak 2003ko azaroan bat egin zuten, eta Uztarriak ere segitu zuen hitzaldiekin. Hitzaldi denak:

  • Joxe Aranzabal kazetaria (Uztarria aldizkaria sortu aurretik, 1999an).
  • Mikel Aranburu futbolaria, Unai Osa txirrindularia, Koldo Alduntzin kirol kazetaria eta Patxi Gurrutxaga sokatiralaria (2001-azaroa).
  • Iñaki Azaldegi (Tolosaldea), Ander Elortondo (Arrasate), Zigor Etxeburua (Kontseilua) euskara teknikariak (2001-azaroa).
  • Juan Carlos Etxegoien Xamar hizkuntzalaria (2002-ekaina).
  • Kike Amonarriz soziolinguista eta Antton Olariaga marrazkilaria (2002-uztaila).
  • Koldo Zuazo euskaltzaina (2002-urria).
  • Iñigo Aranbarri idazlea (2002-azaroa).
  • Pako Aristi idazlea eta kazetaria (2002-abendua).
  • Paula Kasares euskara teknikaria (2003-urtarrila).
  • Martxelo Otamendi Egunkaria-ko zuzendaria (2003-otsaila).
  • Egunkaria-ko langile azpeitiarrak (2003 martxoa).
  • Koldo Izagirre idazlea (2003-apirila).
  • Asisko Urmeneta marrazkilaria (2003-maiatza).
  • Xabier Isasi UEUko orduko zuzendaria (2003-ekaina).
  • Kepa Peñagarikano pilotaria, Pedro Otaegi aktorea, Xabier Agirretxe ELAko kidea, Lurdes Goenaga auzitegi medikua eta Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusia (2004-apirila).
  • Joxe Manuel Odriozola irakaslea eta idazlea (2004-iraila).
  • Agustin Unzurrunzaga SOS Arrazakeria elkarteko kidea (2005-martxoa).
  • Aitor Zuberogoitia kazetaria eta unibertsitate irakaslea (2005-uztaila).
  • Gotzon Garate hizkuntzalaria (2005-azaroa).
  • Joan Mari Torrealdai kazetari eta soziologoa (2006-otsaila).
  • Andoni Egaña bertsolari eta idazlea (2006-maiatza).
  • Luistxo Fernandez Interneten aditua eta euskaltzalea (2006-azaroa).
  • Belen Uranga Unescoko kidea (2007-apirila).
  • Mikel Balentziaga Kontseiluko kidea (2007-maiatza).
  • Joxe Mari Elosua Egunkaria auziko abokatua (2008-otsaila).

Uztarriak Tomas Urzainki historiagilearen hitzaldia ere antolatu zuen (2002ko otsailean, I. Kulturaldian), baina hura gazteleraz izan zen.

2002ko abendua. Erdal grafian idatzitako euskal abizenak euskal grafian jartzeko zerbitzua jarri zuen Baitek (gero Uztarriak, eta egun Udal Euskara Patronatuak dauka zerbitzua, Uztarriaren proposamenez).

2003ko apirila (1). Baitek, Kontseiluarekin batera, Bai Euskarari Ziurtagiriaren aurkezpen ekitaldia egin zuen Azpeitian. Uztailaren 19an herriko 25 erakundek Bai Euskarari Ziurtagiria jaso zuten. Uztarriak (2003ko azaroan Baiterekin bat egin zuenetik) segitu zuen ziurtagiria herrian eragileen artean sustatzen eta garatzen.

2004ko martxoa. Uztarriak Hitzeko Euskara eta Komunikazio Zerbitzuak S.L. enpresa sortu zuen. Hitzeko zerbitzu enpresaren zeregina, euskararen normalizazio prozesuan bidea egitea; era berean, komunikazio zerbitzu integrala eskaintzen die erakunde publikoei eta pribatuei. 2006ko otsailetik, Eregi Euskara eta Komunikazio Zerbitzuak izena hartu zuen Hitzekok. Ku-ku haurrekin hitz egiten hasteko liburuxka ere argitaratu zuen.

2004ko martxoa (25). Udalak eta Uztarriak eta Kontseiluak Euskara arloan hitzarmena sinatu zuten, herrian euskararen normalizazio plangintza elkarrekin egiteko eta gidatzeko.

2005eko urtarrila (4): Udalaren eta Uztarriaren arteko euskara hitzarmena eten egin zen, desadostasunak zirela eta.

2005eko uztaila (2). Bai Euskarari Ziurtagiriaren beste banaketa ekitaldia egin zen Azpeitian. Herriko hamar eragilek lehen aldiz jaso zuten ziurtagiria. Denera, herriko bertako 33k zuten euskararen normalizazioan pausoak emateko bide den agiria.

2008ko martxoa (7). Udalak eta Kontseiluak euskara hitzarmena sinatu zuten. EBPN eta Bai Euskarari Akordioa euskara planak uztartu egin zituzten.

Kultura arloan

1999ko udaberria. Basazabal jauregian kultur etxea irekitzeko proposamena egin zuen Uztarriak, txosten bat aurkeztuta. Udalak baztertu egin zuen eskaera.

2002ko otsaila (23)-martxoa (16). I. Kulturaldia, Uztarria Kultur Koordinakundeak antolatuta. Kultur taldeen koordinazioa. Kultur etxearen gaia berriro kalean. Basazabalen kultur etxea irekitzeko asmoa azaldu zuen Udalak. (I, II)

2003ko maiatza (9)-ekaina (14). II. Kulturaldia, Uztarria Kultur Koordinakundeak antolatuta.

2004ko ekaina (22). Kultur programazioa koordinatzeko lanari ekin zion Uztarriak: kultur karteldegia, direktorioa, urteko egitarauaren mapa eta Kulturaldia.

2004ko urria (4)-urria (30). III. Kulturaldia.

2005eko iraila (30): Udalak Soreasun kultur gunea egingo duela esan zuela eta, Uztarria Kultur Koordinakundeak, kultur gunea osatu asmoz, emendakina aurkeztu zioten Soreasuko planoei: taberna kokatzen den eraikinean, aurreneko bi solairuen ia zati osoa Kafe Antzokia egiteko gordetzea. Funtzionamendu proposamena ere egin zuen Uztarriak. Udalak 2006ko otsailaren 9an baztertu egin zuen proposamena.

2005eko urria (21)-azaroa (6): IV. Kulturaldia.

2006ko otsaila. Azpeitiko Kultur Mahaiaren sorrera. Kultur komunitatearen bilgunea. Uztarria, kideetakoa.

2006ko urria (15-29): V. Kulturaldia.

2007ko azaroa. Kultur Mahaiaren dinamika iraunkorraren hasiera, Uztarriaren proposamenez: Talde Eragilea, barne funtzionamendua, plangintza...

2008ko otsaila (15)-martxoa (8). Uztarriak VI. Kulturaldia hasi zuen. Uztarria Kultur Koordinakundearen desegite egunean bukatu zen.

Besterik

2001eko urria (20). Baite Euskara Elkarteak (bertako kideetakoa zen Uztarria; 2003ko azaroan bat egin zuen Uztarriarekin) elkarteko ohorezko bazkide izendatu zituen Joxe Lizaso bertsolaria eta Patxi Altuna euskaltzaina, euskararen alde egindako lanagatik.

2003ko otsaila (15). Baitek elkarteko ohorezko bazkide izendatu zituen Enrike Zurutuza idazlea eta Pilar Aizpitarte antzezlea, euskararen alde egindako lanagatik. 

2004ko ekaina (19). Uztarriak elkarteko ohorezko bazkide izendatu zituen Joxe Agirre bertsolaria eta Inaki Goenaga euskaltzalea, euskararen alde egindako lanagatik.

2004ko urria (26). Uztarria 1.000 bazkide izatera iritsi zen.

2005eko ekaina (11). Uztarriak elkarteko ohorezko bazkide izendatu zituen Gurutz Ansola idazlea eta irakaslea, eta Imanol Lazkano bertsolaria, euskararen alde egindako lanagatik.

2006ko urria (21). Uztarriak elkarteko ohorezko bazkide izendatu zituen Kontxu Odriozola eta Mari Tere Garmendia Azpeitiko Ikastolaren sorrerako andereño izandakoak.

2008ko otsaila (23). Uztarriak elkarteko ohorezko bazkide izendatu zuen Julian Bereziartua medikua.

2010eko otsaila. Huhezi Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak Uztarria Kultur Koordinakundeak (1998-2008) izandako ibilbidea ikertzea erabaki zuen, honek "esperientzia praktiko ona eta eredugarria" izan zuela iritzita. Horretaz gain, Uztarria koordinakundeko kide ohi Enekoitz Esnaolak 2011ko otsailaren 23an Huheziren Euskal Kulturgintzaren Transmisioaren 3. Graduondokoan hitzaldia eman zuen, Eskoriatzan. Oinarrigintza. Esperientzia eredugarriak izenburua eman dio Huhezik saioari.

Laburtuz, zer egin eta lortu da herrian 1998tik?

Uztarria Kultur Koordinakundeak hiru arloetako diagnostiko orokor bat egin zuen 1998an, sortu zenean. Ardatzak finkatu zituen. Honatx harrezkero herrian egin eta lortu hiru arlootan:

Komunikazioa:
- Uztarria herri aldizkaria.
- Uztarriaren webgunea: www.uztarria.eus.
- Urola Kostako Hitza egunkaria eta Urolakosta.hitza.eus webgunea, beste bazkide batzuekin.
- Urola Kostako hedabideen arteko kooperatiba.
- Literatuzta aldizkaria.
- Liburuak: Azpeitiko efemerideak; Azpeitiko mendi gida; Euskarazko prentsa eta Azpeitia; Loiolarik ez balitz; Otsobeltz; Urrestillako musika taldeak; Azpeitiarrak Espainiako Gerran; Oroitarri; Errezildarren ateraldiak;  Azpeitiarrez natul (Natul euskara elkartearekin).
- Liburuxka biografikoak.
- Urolaldeko bertso zaharrak CDa.

Euskara:
- Udal euskara teknikaria eta Udal Euskara Batzordea.
- Udal Euskara Patronatua.
- Euskararen normalizazio planak.
- Baite Euskara Elkartea (gero Uztarriarekin bat egin zuen).
- Azpeitiko Udala, Uemako kide.
- Argitalpenak euskaraz.
- Etorkinei zuzenduriko oinarrizko hiztegia.
- Ku-ku haurrekin hitz egiten hasteko liburuxka.
- Erdal grafian dauden euskal abizenak euskaraz jartzeko zerbitzua.
- Kontzientziazio ekimenak eta hitzaldiak.
- Eregi Euskara eta Komunikazio Zerbitzuak enpresaren sorrera.

Kultura:
- Kultur Mahaia. Artikulazioa.
- Kultur programaziorako irizpideak.
- Sanagustin kulturgunearen irekiera.
- Soreasu antzokiaren eraberritzea.
- Dinamoa sormen gunearen irekiera.
- Kulturaz herri ekimeneko kooperatibaren sorrera. Hark kudeatzen ditu Sanagustin, Soreasu eta Dinamoa.
- Hileko eskuko kultur agenda.
- Kulturaldiak.

Besterik:
- Ohorezko bazkideak.
- Euskal Herriko euskara eta kultur elkarte batzuei laguntza (komunikabideen arloan, funtzionamenduaz...).