Gutuna

Munduko Bankuari Ez! Kapitalismoaren eta ingurugiroaren suntsipena borrokatu

SaƱu Bizirik, Oletan ere Ez! eta Urola Erdiko Kontseilu Sozialista 2023ko mai. 22a, 08:53
Hiru eragileetako ordezkariek egindako agerraldiko irudia. (Urola Erdiko Kontseilu Sozialista)

Munduko Bankuak Innovate4Climate konferentzia egingo du bihartik ostegunera bitartean, Barakaldoko BECen. Sañu Bizirik nahiz Oletan ere Ez! plataformek eta Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak bat egin dute Munduko Bankuari Ez! dinamikak bihar arratsalderako egin duen manifestazio deialdiarekin. "Eliteen ekologiaren diskurtsoaren eta oligarkia finantzarioaren instituzioen aurka" egingo dute.

"Barakaldoko (Bizkaia) BECen ospatuko du aurten Munduko Bankuak urteroko Innovate4Climate konferentzia, bihartik ostegunera bitartean. Klima krisiari aurre egiteko beharrak eta inbertsio aukerak elkar lotzeko helburuz, mundu osoko herrialdeetako agintariek eta inbertsio funtsen nahiz enpresa teknologiko pribatuen nagusiak bilduko dira urteroko ekitaldi horretan.

Nazioarteko oligarkia finantzarioak bere intereseko politika ekonomikoak mundu mailan egikaritzeko sortu dituen instituzioen adibidea da Munduko Bankua, esaterako, Nazioarteko Diru Funtsa (FMI) edo Munduko Merkataritza Erakundea (OMC) diren bezala. Oligarkia finantzarioa da, instituzio horien eta banku zentralen bitartez, langile klase osoaren pobretzea bultzatzen duten politika finantzarioen arduraduna, soldaten jaitsiera orokorra, zorpetze masiboa eta zerbitzu publikoen eraispena bultzatuz. Bestalde, atzeraldi ekonomikoaren uneotan estatuen eta horien politika nagusien gaineko kontrola areagotu du oligarkiak, horien finantzaketa eta zorpetzearen bidez, baita herrialdeek sistema globalean duten posizioa zehazteko gaitasuna ere. Gainera, Munduko Bankua bezalako instituzioak baliatzen ditu elite ekonomikoak hegoalde globaleko lurraldeen gaineko dominazio inperialista ezartzeko, herrialde azpiegituretan inbertituz, lehengaiak esplotatuz eta bertako langileriaren gainesplotazioa bultzatuz.

Larrialdi klimatikoa negozio eta merkatu berriak zabaltzeko aukera bat besterik ez da oligarkia finantzarioarentzat. Esaterako, energia berriztagarrien merkatua, inguru naturalak suntsitzen dituzten makroproiektuak, energia iturri berrien bilaketa, klima aldaketak kolpatutako lurralde txiroen berreraikutza eta abar. Krisi kapitalista sakoneko garaiotan, irabazi kapitalista ziurtatu eta metaketa dinamika berraktibatzeko saiakera berri bat besterik ez da oligarkiaren trantsizio ekologikoaren fartsa. Beharrezkoa da azaleratzea gizarte antolaketa ekonomiko kapitalista dela larrialdi klimatikoaren jatorria, berezkoak zaizkion ekoizpenaren irrazionaltasuna eta etengabeko metaketa beharrengatik. Beraz, oligarkia finantzarioa metaketa kapitalistaren dinamika zuzentzen duen agente aktibo gisa larrialdi klimatikoaren erantzule zuzena da, eta konponbidea inolaz ere ez da etorriko horrek gidatutako ustezko politika jasangarrien eskutik.

"Ondorioz, urgentzia erabatekoa da. Gizarte eredu kapitalistak atzerabiderik gabeko egoera eraman dezake larrialdi klimatikoa, eta horrekin batera erabateko miseria egoerara langile klasea. Azpimarratzekoa da arku parlamentario osoko alderdi instituzional guztiek oligarkia finantzarioak zehaztutako mugen barruan kokatzen dituztela haien programak, horien aginduak gauzatzera mugatuz. Izan ere, kapitalismoaren barruan jasangarritasun ekologikoa bultzatzeko proposamenek ezin dute oligarkia finantzarioak planifikatutako politiketatik at jardun, eta larrialdi klimatikoa bera eragin duen ordena soziala erreproduzitzen bukatzen dute.

Zentzu horretan, ezinbestekoa da kapitalismoarekin bukatzea. Ekoizpena merkatuaren agintetik at antolatzea, lehengaien erabilera jasangarria eta ingurugiroarekin harreman orekatua gauzatzea ahalbidetuko duen gizartea eraikitzea. Gizartea antolatzeko bestelako modu bat: ingurugiroarekin orekan eta ezberdintasun sozialak gaindituz. Horretarako, beharrezkoa da langileok oligarken botereari aurre egitea, ekoizpen baliabideen kontrola interes berekoi eta pribatuen baitakoa izan beharrean, interes sozial orokorren araberakoa izan dadin. Dei egiten dugu eliteen oligarkiaren diskurtsoaren eta oligarkia finantzarioaren instituzioen aurka mobilizatzera maiatzaren 23an 18:30ean Barakaldoko herriko plazatik egingo dugun manifestazioan".