Piaspe proiektu eolikoa

Statkraft da Piaspe proiektua garatzeko aurreneko urratsa egin duen enpresa bakarra

Aitziber Arzallus 2023ko ots. 1a, 13:31

Statkraftek iazko irailaren 23an aurkeztu zuen aurretiazko administrazio baimenaren eskaera, eta, harrezkero, informazio publikoko fasean egon da. Horrela, edozein enpresak izan du leku horretan bertan haize errotak jartzeko eskaera egiteko aukera, baina inork ez du egin.

Statkraften filiala den Desarrollos Renovables Iberia Pi SLU enpresa izan da Azpeitia, Errezil eta Zestoa arteko lurretan Piaspe parke eolikoaren proiektua garatzeko aurretiazko administrazio baimena eskatu duen bakarra. Horixe dio atzo EHAA Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zuten ebazpenak. Statkraftek iazko irailaren 23an egin zuen eskaera hori, eta, harrezkero, informazio publikoko fasean egon da. Horrela, edozein enpresak izan du leku horretan bertan haize errotak jartzeko eskaera egiteko aukera, baina inork ez du  egin.

Ebazpen horrekin, baina, ez da bukatzen hasierako eskaeraren administrazio bidea; izan ere, orain hilabeteko epea egongo da ebazpenaren kontra helegiteak aurkezteko. Inork helegiterik aurkeztuko ez balu eta Statkraftek proiektuarekin aurrera egitea erabakiko balu, sei hilabeteko epea izango luke aurretiazko administrazio baimena izapidetzeko beharrezko dokumentazio guztia aurkezteko.        

Beraz, Statkraftek oraingoz egin duena da aurretiazko administrazio eskaera gauzatu aurreko lehen urratsa. Nagore Alkorta alkatearen esanetan, "atzo argitaratutako ebazpena izango litzateke abiapuntuaren abiapuntua, eta inolaz ere ez du esan nahi proiektua garatuko denik".

Izan ere, alkateak behin baino gehiagotan azaldu duenez, proiektuaren tramitazioa oso luzea da, eta alor asko ukitzen ditu. "Aurretiazko administrazio eskaera onartuko baliote ere, beste hainbat galbahe pasatu beharko lituzke enpresak. Ingurumen inpaktuaren txostena egiteko dago, baita hegaztien eta faunaren txostena ere. Gainera, haizea neurtu behar dute urtebeteko epean, nahikoa egoten al den jakiteko. Eta garrantzitsuena zera da: Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala onartu gabe dago. Plan horrek esango du EAEn zer lekutan jarri ahal izango diren, adibidez, haize errotak, eta horiek ezarri nahi dituzten enpresek zer baldintza bete beharko dituzten". Alkortak beste behin nabarmendu du proiektua garatuko den ziurtasunik ez dagoela. "Airean dagoela diogu, hala dagoelako, ez dakigulako proiektua gauzatzea posible izango al den".