Azaroaren bukaeran egingo dute ekitaldiz betetako Jubilatuen Astea

Julene Frantzesena 2021ko aza. 5a, 10:20
2019ko Jubilatuen Astean egin zuten Bingo saioko irudia.

Hilaren 22tik 28ra egingo dute aurtengo Jubilatuen Astea, eta egun horietarako hainbat ekitaldi antolatu ditu Baigera elkarteak, hala nola karta joko saioak, hitzaldia, bingoa, ibilaldia, mendi irteera eta bazkaria. Ekintza batzuetarako aurrez izena eman beharko da.

Azaroaren 22tik 28ra egingo dute aurtengo Jubilatuen Astea. Baigerak ekitaldi ugari antolatu ditu aste horretarako, hala nola karta joko saioak, hitzaldia, bingoa, mendi irteera, egun pasa eta bazkaria. Iaz, COVID-19aren pandemia tarteko, ez ziuzten egin jubilatuen urteroko zitak, baina aurten izango dute zer egin herriko adinekoek.

Antolatu dituzten ekintza batzuetarako aurrez izena eman beharko da. Batetik, Ezkiora eta Aginagara egun erdiko txangoa egingo dute hilaren 25ean: lehenik Ezkioko Igartubeiti tolare baserria bisitatuko dute, eta ondoren, afari-merienda egingo dute Aginaga sagardotegian. Datozen egunetan, astelehenetik ostegunera, eman ahal izango da irteerarako izena Baigeraren bulegoan. Izena ematen dutenek hamabost euro ordaindu beharko dute. Txangoaren egunean 15:00etan aterako da autobusa San Martin egoitzaren paretik.

Bestetik, Etumeta eta Azpeitia artean mendi ibilaldia egingo dute azaroaren 27an, larunbatez. Parte-hartzaileak autobusez igoko dira Etumetara –08:30ean aterako da San Martin egoitzaren paretik–, eta handik oinez jaitsiko dira Azpeitira. Txangoa amaitzean, hamaiketakoa egingo dute kiroldegiko tabernan. Ibilaldian parte hartzen duten herritarrek hamar euro ordaindu beharko dute.

Asteari bukaera emateko, 90 urteko herritarrei omenaldia egingo die Baigerak. Azaroaren 28rako egun osoko egitaraua prestatu dute: hamaiketakoa, hildako bazkideen aldeko meza eta bazkaria nahiz 90 urteko herritarrei omenaldia izango dira. Bazkaria Kiruri jatetxean izango da, eta ondoren, erromeria eta dantzaldia egingo dituzte. Bazkarirako izena Baigeraren bulegoan eman beharko da astelehenetik ostegunera, eta helduek 40 euro eta umeek 20 euro ordaindu beharko dute otordua.

Hona hemen Jubilatuen Asteko egitarau osoa:

Azaroak 22, astelehena.

16:00. Karta joko saioak. Musean ariko dira Baigera Ien, eta tutean eta punttuan Baigera IIn.

Azaroak 23, asteartea.

16:00. Testamenduan eman diren azken aldaketak izenburupean hitzaldia eskainiko du Francisco Javier Lazaro Azpeitiko notarioak, Basazabal jauregian.

Ondoren, txokolate-jana, Baigera Ien.

Azaroak 24, asteazkena.

16:00etatik 18:30era. Bingoa Baigera IIn.

Ondoren, txokolate jana Baigera IIn.

Azaroak 25, osteguna.

15:00. Ezkioko Igartubeiti tolare baserrira txangoa.

Ondoren, Aginagako sagardotegian afari-merienda.

Azaroak 26, ostirala.

16:00. Bingo berezia Baigera Ien.

Ondoren, eguneko zentroko kideentzat txokolatada.

Azaroak 27, larunbata.

08:30. Etumeta-Azpeitia mendi irteera.

Ondoren, hamaiketakoa kiroldegian.

Azaroak 28, igandea.

11:00. Hamaiketakoa Baigera Ien.

12:30. Hildako bazkideen aldeko meza, Soreasuko Sebastian Donearen parrokian.

14:15. Bazkaria eta 90 urte bete dituzte bazkideei omenaldia Kiruri jatetxean.