Gaur irekiko da Umeen eta Gaztetxoen Egun Arroxan parte hartzeko izen-ematea

Erabiltzailearen aurpegia Haujijijai Batzordea 2018ko uzt. 16a, 09:51
Ate joka dago udako festen bueltan antolatzen den Umeen Eguna, eta horrekin batera, nola ez, baita Umeen eta Gaztetxoen Egun Arroxa ere. Datorren igandean, hilak 22, ospatuko da jaia, eta data horretarako hainbat ekintza antolatu du Marea Arroxak. Gaur, astelehena, irekiko da izena emateko epea, eta bihar arratsaldean itxiko da.\ \ Goizez, 12:00etatik 13:30era egongo da izen-ematea egiteko aukera plazan. Arratsaldean, berriz, 18:00etatik 20:00etara jarriko du izena emateko mahaitxoa Marea Arroxak. Umeen Egun Arroxan parte hartu nahi dutenek 4 euro ordaindu beharko dute. Aurreko urteko kamiseta ondo ez dutenei edo behar dutenei kamiseta berria banatuko zaie. Ez ahaztu Marea Arroxak epe luzerako diseinua kaleratu zuela iaz, berrerabilpena sustatu asmoz.\ \ Igandean, 14:00etan elkartuko dira ekintzetan parte hartzera animatzen diren gaztetxoak. HH4ko eta HH5eko haurrak Frontoi Txikian elkartuko dira. LH1, 2 eta 3 mailetako gaztetxoak, berriz, Done Jakue kaleko parkean. LH4, 5 eta 6 mailetako lagunak Ludoteka aurrean izango dute hitzordua. Behin elkartuta, bazkaria egingo dute. Ondoren, jolasak, kantaldia eta kalejira izango dira gaztetxoentzat. Kalejira amaitzean, 17:30 aldera, gurasoekin elkartuko dira ekintzetan parten hartzen duten lagunak. \ \ Umeen eta Gaztetxoen Egun Arroxako boluntarioen bilera ere aste honetan izango da. Datozen egunetan emango du festa herrikoien aldeko batzordeak hitzordu horren berri.