Abenduaren 16an, azoka auzora eta auzoa azokara!

Erabiltzailearen aurpegia
Abenduan sartu gara eta urteroko hitzordua prestatzen dihardugu Azoka Herritik egitasmoan biltzen garen herriko talde eta sektore ekonomiko ezberdinak. Txikitik eragitea da gure xedea, tokiko sorkuntza eta ekoizpenari bide eman, zentzuzko kontsumoa bultzatu, kaleetako bizitza soziala indartu eta auzolanaren zein elkarlanaren bidez herri justu eta bizi bat landuz.\ \ Helburua da txikitik eragitea, eta herriko auzoetan gure ekimenak egiteak horri erantzuten dio. Alde zaharrean irailean egiten dugun azokaz gain, Sanjuandegikoak ere bere lekutxoa egin du herriko agendan azken urteetan, eta bide horretan aletxo bat jartzeko gogoz elkartu gara aurtengoan ere. Aurtengoan ere bidelagun izango ditugu Xanjuandei Auzolanean taldeko lagunak.\ \ Artisauak, baserritarrak, bigarren eskuko materiala, xaboi biodegradagarria, kooperazio taldeak, haurrentzat jolasak, kultur emanaldiak eta bestelakoak izango dira aurtengo egitarauan. Datozen egunetan aurkeztuko dugu egitarau zehatza. \ \ Aurtengoa berrikuntzetako bat Elikaguneko lagunen eskutik etorriko da. Kooperatiba moduan antolatu eta tokiko produktuak urte osoan zehar eskainiko dituen dendak laster ikusiko du argia berdura plazan. Azoka Herritiken filosofiari bete-betean lotzen zaio Elikagunea, eta denon erronka izango da proiektua sendo abiatzea.\ \ Horrela bada, urtero bezala Sanjuandegira hurbildu eta bertakoaz gozatzeko gonbitea luzatzen dizuegu herritarrei.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide