Etika, galdeketak eta zaborra

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Hamaikabat 2013ko ira. 17a, 11:54
2010. urtean Atez Ateko sistemari buruzko lehen herri galdeketa egin zen, Usurbilen. Garai hartan, eraginkortasunik ez duen eta hondamendira garamatzan sistema horri alternatiba jarri nahi izan zion eta galdeketa eta herri-mugimenduaren alde jarri zen alderdi bakarra gurea izan zen, Hamaikabat!, ezker abertzalearen aurrean. Usurbilgo PSOE eta EAJ ezker abertzalearekin bat egin zuten garai hartan. Ordutik gauza asko gertatu da. Legalizazioa eta bake prozesuaren ilusioak desagertu dira, ezker abertzaleak eta bere hauteskunde markak, Bilduk, botere erantzunkizunen jabe, zabor bilketa sistema hori inposatu nahi dutela erakutsi digute. Baina orain ezezkoa ematen diote Usurbilgo herriak baliatu ahal izan zuen herri galdeketari. Zergaitik ote? \ \ Usurbilen ezker abertzaleak herri galdeketa egitea baimendu baldin bazuen erraz irabaziko zutenaren itxaropena zuelako izango zela pentsatzekoa da. Hala baina, botoa eman zuten herritarren %55ak bakarrik eman zion balekoa sistema horri. Begibistakoa da jende asko ordezkaritza politiko eta siglez haratago, Atez Atekoaren aurkako jarrera adieraztera ausartu zela bere botoaren bidez. Joan den legealdian, Oiartzunen eta Hernanin ere herri galdeketak egitea eskatu zuten herritarrek, baina boterean zegoen ezker abertzaleak uko egin zion galdeketak egiteari, eskatzaileak milaka sinadura izan arren. Herri bultzada horrek gerora aurrera eraman diren herri galdeketa desberdinen bitartez aurkitu du bidea. Eta beste alderdi politikoak, gehiengo politikoa osatu arte, herri borondate honen alde jarri dira, ezker abertzalearen inposizio diktatorialaren aurrean. Harro gaude, herri ekimen honetan aitzindari izateaz gain, Bilduk gai honen inguruan zituen asmoen iragarpenean eta salaketan ere aitzindari H1! izan zelako. \ \ Herri galdeketak ukatu eta gero, ez baitira beraien asmoetara egokitzen, ezker abertzaleak bere txotxongiloak plazaratu ditu gai honetan borroka egiten jarraitzeko asmoz. Honela ba, ezker abertzaleak espreski sortutako Zero Zabor delako "herri" mugimenduak udaletan zaborren gaiaren inguruko "konpromiso etikoa"-ri buruzko mozioa aurkeztu du. Balizko konpromiso honek herritarrak Atez Atekoaren aginduak betetzera behartu nahi du. \ \ Ikus dezagun aipatu "konpromiso etiko" horren hirugarren puntua: "Herritarren parte hartzea bultzatuko du, herritarrak ondo informatuta egon daitezen, herritarrek hemen aipatutako konpromisoak betetzea bermatuko duten proposamenak egin ditzaten, eta konpromiso etiko horiek betetzen dituzten proposamenen artean erabaki dezaten". Hara nondik, "konpromiso etiko" delako hori Legazpin orain gutxi aurkeztutako mozioan herri kontsulta deusesteko aitzakia besterik ez den izan. Eta Usurbilen nolabaiteko betebehar moral gisa aurkeztu da, herritarrek Atez Atekoaren agindua obeditu dezaten. Aukera egitea zilegi da, horrela, baldin eta aukera jakin bat erabakitzen bada. Ba al dago etikaren zapuzketa haundiagorik, etika beraren izenean herritarren erabakitze eta bideratze borondatea mugatzen bada, aldez aurretik Bilduk hartu duen erabakiaren arabera, politikoa den erabakia gainera? Etikaren aipamena sinesgarria al da, orain gutxi arte, ideia politikoen izenean, giza-eskubideen zapuzketaren aldeko ageri ziren horien aldetik? Azpimarratzekoa da, era berean, Bilduk herri batzutan sistema hau ezartzen duen bitartean, beste batzutan (Zumaia, Azpeitia…) ez duela jarri nahi. Eta beste probintzietan Bilduk ez du gai hau aipatu ere egin, bere koherentziarik eza oraindik gehiago nabarmenduz. \ \ Mehatxu eta zokoratzeen gainetik, jazarpenen gainetik, GHKn gertatutakoak adibide, Gipuzkoako herri askotan herritar soilak inposizio honi aurre egiteko asmoz elkartu dira. H1!-en aldetik Bilduren gezur demokratikoa salatzea dagokigu, eredu alternatibo baten aitzakian ezker abertzalearen zuzendariek goitik bidaltzen dituzten mandatuen inposaketa ez baizaigu zilegi iruditzen. Azpimarratu nahi dugu, era berean, ustezko "konpromiso etikoa"-ren eskandalua, herriaren hitza eta borondatea ukatzeko eta baliogabetzeko asmoa besterik ez baitu. H1!en aldetik pozgarria iruditzen zaigu ereiten lagundu genuen azia herri mugimendu indartsu batean bilakatu izana, partekatze eta askatasun bide berriak ireki dituen mugimendua. \ \ http://hamaikabaturola.wordpress.com