'Go! azen' filma abenduaren 5ean estreinatuko dute Azpeitian

KULTURA | Urola Kostako Hitza |  2008/11/12  10:54

Bihar, osteguna, estreinatuko dute ofizialki Donostian; ondoren, herriz herri ibiliko dira

Filma udan grabatu zuten eta lanean pasatutako lau astetik hiru Esklabetan egin zituzten

Aktoreak eta filmeko arduradun batzuk atzoko aurkezpenean.


Badator Go!azen. Bihar arratsaldean estreinatuko da euskarazko lehen film musikala Donostiako Antzoki Zaharrean eta datozen egunetan herriz herri ibiliko da aretoz areto. Iņigo Azpitarte zarauztarrak eman dio bizia Beņat izeneko protagonistari eta Jon Urbieta zumaiarra ere agertuko da filman zehar Baldar pertsonaiaren paperean. Go!azen musikala uda honetan filmatu zuten, eta lanean pasatutako lau astetik hiru Azpeitian egin zituzten, Esklabetan.

Atzo Donostiako Kursaalen aurkeztu zuten Jabi Elortegik eta Aitor Arangurenek zuzendutako filma eta bertan bildu ziren aktoreak eta ekoizleen ordezkariak. ETBk eta Pausokak ekoitzitako lan hau hasiera batean telebistan soilik emateko prestatu zuten. "Baina eskuartean produktu bikaina eta kalitatekoa geneukala konturatu ginenean, ahalik eta jende gehienari helaraztea pentsatu genuen", azaldu zuen atzo ETBko ordezkari Bingen Zupiriak.

Abestiak, dantza, "energia"

Musikal batean ezinbestekoak diren osagaiekin egin dute Go!azen. Josu Mujikaren koreografiek filmeko Basakabi udalekua etengabeko dantzaleku bihurtu dute. Mujikak adierazi zuenez, filmean "gazteen energia asko" sumatu daiteke.

Aipatutako energia hori abesten ere islatuko dute. Euskal kantutegian urte asko daramaten Txoriak txori, Lau teilatu eta Aitormena bezalako abestiez gain, berriagoak diren Ilargia edo Amets bat ere ageri dira. Gainera, espreski bi abesti egin dituzte filmerako: Goazen abesti nagusia eta Apustua!.

Urola Kostako emanaldiak Zarautzen (azaroak 21), Getarian (azaroak 23), Azpeitian eta Zumaian (abenduak 5) eta Azkotian (abenduak19) izango dira.

Durangoko Azokarako DVDa eta filmeko abestien CDa prestatuko dituzte. Eta borobiltzeko, Gabonen inguruan ETBn emango dute Go!azen.

 

 

 

 

Erantzuteko izena eman behar duzu



»» Pasahitza ahaztu zait
»» Lehenengo aldia da eta alta eman nahi dut