Sansebastianak 2023

Bi sokamutil berri: Odei Labiano eta Mikel Iriarte

Erabiltzailearen aurpegia Zezen Beltz elkartea 2023ko urt. 18a, 21:33
Odei Labiano eta Mikel Iriarte, atzo, Azpeitian, Zezen Beltz elkartearen egoitzan.

Odei Labianok (2003) eta Mikel Iriartek (1999) sansebastianetan irtengo dute lehen aldiz sokan; aurrenak, egunean bertan, ostiralean, eta bigarrenak, igandean. Elkarrizketa egin die Zezenbeltz.eus-ek.

Zeinek proposatu zizuen sokamutil izateko?

Odei Labiano: Niri Arretxek, Joseba Senperenak. Bera artean sokamutil zela [iaz utzi zuen], azkeneko urteetan aipatzen zidan animatuko al nintzen, baina proposatu, Errebaleko azkeneko festetako zezenean proposatu zidan, joan den azaroan.

Mikel Iriarte: Niri Andoni Etxeberria sokamutilak esan zidan nirekin egon nahi zuela Errebaleko festetan, eta, halaxe, juntatu eta galdetu zidan sokan irten nahi nuen aurten hasita.

Erraz animatu al zineten?

O. L.: Hasieran pentsatu nuen ez ote naizen gazteegia horretarako, eta etxekoen artean komentatu nuen zer proposatu zidaten. Ezezkorik ez nuen jaso, eta baiezkoa eman nuen.

M. I.: Txiki-txikitatik segitu izan dut Azpeitiko sokamuturra. Andonik galdera hura egin zidanean, "hauxe duk momentua" pentsatu nuen neure artean.

Nondik datorkizue sokamuturrarekiko zaletasuna?

O. L.: Gure etxean ez dago zaletasun berezi-berezirik, baina nik txikitatik ikusi izan dut sokamuturra. Gainera, familiak badu Lastur aldera egiten duen baserri bat, eta Lasturko plazan askotan ibili izan gara zezenekin, edo ikusten.

M. I.: Esan bezala, nik txikitatik segitu izan dut asko sokamuturra, eta nire lagunak ere zaleak dira. Azkeneko asteetan Soka ez da eten dokumentala ikusi eta ikusi jardun dut.

Zer nabarmenduko zenukete sokamuturretik?

O. L.: Egoten den jendetza eta anbientea. Eta Azpeitian ateratzen dituzten zezenen adinakoak ez dituzte ateratzen beste sokamuturretan.

M. I.: Festa ederrak dira sansebastianak eta karnabalak, eta horietan zezena egotea, mundiala! Anbiente ederra egoten da, egunean zehar zezenaren bueltako giro hori.

Sokamutil izateak sakrifizio bat eskatzen du…

O. L.: Bai, esan digute.

M. I.: Orain arte ederki ibili gara: zezenean ibili, tarteka trago bat, pintxo bat… Ikusiko dugu zer lotura dakarren. Baina gustura gaude.

Sansebastianetan ez duzue egun berean egingo estreinaldia.

O. L.: Ez. Nik egunean bertan irtengo dut sokan, goizez eta arratsaldez.

M. I.: Nik igandean, bi irteeretan. Ostiralean lana izango dut, Logroñon, eta ea arratsaldeko zezenera ailegatzeko modua izaten dudan; saiatuko naiz.

Egon al zarete beste sokamutilekin?

O. L.: Hilaren hasieran soka berriak egokitzen jardun zuten, eta han izan ginen gu, ikusten eta ikasten.

M. I.: Fijatu egin ginen. Erraz egiten duten haiek.

Helduen zezeneko toki bat

O. L.: Irteera, egun denetakoa.

M. I.: Nik ere gauza bera diot.

Egun edo momentu bat?

O. L.: Elegante Eguna.

M. I.: Niretzat ere, Elegante Eguna.

Kilimarik bai egunotan?

O. L.: Orain arte lasai antzean egon naiz, baina aste honetan ikusi ditut zezeneko hesiak jarrita eta…

M. I.: Ni amorratzen nago sokan irteteko.