Igandeko erronkako sarrerak, zezen plazan, egun berean

Erabiltzailearen aurpegia Zezen Beltz elkartea 2021ko uzt. 8a, 10:43

Arratsaldeko seietan hasiko da saioa, Lopene, Arno eta Zelai-Luze ganadutegien artean, errekortariekin. Zezen plazako leihatilan eskuratu ahal izango dira sarrerak igandean: ikusleek hamarna euro ordaindu beharko dute, eta errekortariek 20na euro.

Igande honetan izango da Lopene (Zestoa), Arno (Mutriku) eta Zelai-Luze (Lastur, Itziar) ganadutegien arteko erronka Azpeitiko zezen plazan (18:00), errekortariekin, eta sarrerak jada igandean bertan soilik erosi ahal izango dira, zezen plazako leihatilan —hil hasieran udaletxeko arkupeetan eta Soreasun egon dira salgai—. Ikusleek hamarna euro ordaindu beharko dute; errekortariek 20na euro. 0-4 arteko umeek doan izango dute sarrera.

Zezen Beltz elkarteak eta Azpeitiko Udalak antolatu dute saioa. Errekortarientzat parte hartzea libre izango da, betiere 16 urtetik gora izanez gero. Antolatzaileek aukera eman nahi diote errekortari aritu nahi duen orori. Oztopoekin jolasteko eta errekorteak egiteko aukera egongo da. Lopeneko, Arnoko eta Zelai-Luzeko hiruna buru aterako dituzte plazara. Ganadutegietako buru eta errekortari onena izendatuko eta sarituko dituzte.

Antolatzaileek eskerrak eman dizkiote Euskal Zezenzale Elkarteari, laguntzeko azaldu duen prestutasunagatik.

Argazkietan, Lopenek ekarriko dituen idiskoa eta bi behiak. Idiskoa: Makandro. Behi beltza: Txispas. Behi gorria: Trecia.