Martzelino Albizu ganaduzalea hil da

Erabiltzailearen aurpegia Zezen Beltz elkartea 2012ko eka. 5a, 17:23
Martzelino Albizu, Mutrikuko Olatz auzoko Albizu ganadutegiko laguna hil da, 88 urte zituela. Azpeitiko sokamuturrean urte askoan ibilitakoa da; aski ezaguna hemen, beraz. Gaur egun Anton semeak eta honen emazte Lourdes Udabek daramate ganadutegia. Bihar (asteazkena) izango da haren aldeko hileta elizkizuna, Mutrikuko parrokian, 19:00etan.\ \ Martzelino bera lau urte zituela joan zen Lasturtik Olatz gertuko baserri batera bizitzera: Etxerre-ra. Pare bat behi zituzten orduan, eta trenean eta ahal zen moduan eraman zituzten.\ \ Haren zezenak Azpeitiko sokamuturrera aurreneko aldiz 1971n etorri ziren. Hain zuzen, 'Botijo' idiskoa ekarri zuten; baita jendeak gustura hartu ere. Dauden datuen arabera, 'Botijo'-k dauka errekorra Azpeitian: 13 urtean segidan aritu zen. 19 urte zituela kendu zuten. \ \ Zezen hari buruzko pasadizoak badira 'Azpeitiko sokamuturra. Soka ez da eten' dokumentalean (http://uztarria.com/azpeitia/liburuak/19_Soka_ez_da_eten/index_html). Esaterako, lan horretan Luis Angel Etxeberria sokamutil ohiak kontatzen duen bezala, Martzelino Albizuk esan izan zion German Rekejo sokamutilak 'Botijo'-rekin lo egingo zuela; hain ondo konpontzen ziren biok...\ \ Lehen, orain aldean ganadutegi gutxiago etortzen zen Azpeitira, eta, karnabaletan-eta egunero joan-etorrian ez ibiltzearren, Martzelino Albizuk, esaterako, Sanjuandegiko etxe batean hartzen zuen ostatu: Joxe Urbieta Barrenetxearen etxean. Hau haren baserrian lan egindakoa zen, izan ere.\ \ Albizu ganadutegiak segitzen du Azpeitira etortzen. Herrian 30. urtea zuenean erreportajea egin zuen Uztarria aldizkariak: http://uztarria.com/herri_aldizkaria/2000/05/01Sokamuturra/index_html\ \ Argazkian, Martzelino Albizu Etxe Zurineko ikuiluan ageri da, bertako Pedro Arrieta zenarekin.