Gaueko mamuak

Erabiltzailearen aurpegia Xabi Borda 2017ko urt. 4a, 10:33

Hurritz, egin dugu ederra. Egia esan, ez dakit zehazki nola gertatu den. Telebista utziko genuen piztuta eta albistegiak ikusiko zenituen agian. Edo autoan irratiko esatariari entzungo zenion haur-eskolara bidean. Edo mahai gainean lagatako egunkaria irakurriko zenuen. Berdin du, jada ez dago atzera bueltarik, ikusi duzu albistea eta kito.

Orain, izuaren izuz, ezin dituzu batu begietako pertsianak iluntzean. Horrela daramatzagu azken gauak, ordua jotzen duten kanpai hotsak bata bestearen atzetik entzuten. Bat, gero bi, ondoren hiru. Sehaskari eragiten diogu eroen pare, egurrezko zorua urratu arte. Zuk lo hartzea, horra gure ameskeria berritua.

Harritu egingo zaitu argiak itzali eta lo egiteko erakusten dugun prestutasunak. Nola den posible pentsatuko duzu. Galdezka ariko zara ez al dugun ikusi Altsasuko gazteei gertatutakoa, ez al dugun entzun nola sartu dituzten kartzelan parranda giroko istilu bategatik, ez al dugun irakurri nola akusatu dituzten terroristatzat begirazun oker eta bultzada batzuk gora behera. Haserre zaude, zer deabru den euskaldun jaiotze hau ulertu ezinik. Altsasuko gazte horiei gertatu zaienaren antzeko zerbait inoiz zuri gertatzeko aukerak beldurtuta zauzka. Eta horrela, buruan hainbeste mamu dabiltzanean, ez da erraza loak hartzea.

Neuk ere ez dakit, ordea, mamu horiek uxatzeko abestia zein den. Ez dakit ekialdera begira zein angelurekin ipini beharko nukeen sehaska gogoa zuzenean izarretara joan dakizun amets gozoen bila. Hurritz, akaso hori amesgaiztoei ihes egiteko zure modua baino ez da izango. Alegia, begiak zabalik itxarotea egunsentiari. Pare bat kafe hartuko ditut gaur ohera joan aurretik, ea horrela lortzen dugun biok amets txarrik gabeko gau bat igarotzea

(2016ko abenduko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzia)