Zabalik dago sanjuanetako patata tortila lehiaketan izena emateko epea

Erabiltzailearen aurpegia Urrestillako Festa Batzordea 2017ko eka. 15a, 19:32

Hilaren 26an izango da txapelketa, baina izen-ematea aurrez egitea ezinbestekoa da. Parte hartu nahi dutenek bakarrik edo binaka egin dezakete. Parte-hartzaileek 18 urte baino gutxiago izanez gero, heldu baten laguntza izan beharko dute. Izena emateko azken eguna ekainaren 22a izango da.

Urrestillan hasi dira sanjuanetarako motorrak berotzen, eta dagoeneko zabaldu dute patata tortila txapelketan parte hartzeko izen-ematea. Patata tortila txapelketa ekainaren 26an, zapatuan, egingo dute 18:30ean hasita. Parte-hartzaileek ordubete lehenago, 17:30erako, plazan egon beharko dute. 

Gaurtik hasita, astebeteko epea izango dute txapelketan parte hartu nahi dutenek izen-ematea egiteko, ekainaren 22an, ostegunean, itxiko baita horretarako epea. Txapelketan izena emateko hiru bide daude: Facebook bidez Urrestillako Festa Batzordea kontura mezu bat idatzita, 686-49 73 93 zenbakira deituta edo Lurdesenean dagoen paperean idatzita. Parte hartzaileak banaka edo binaka eman dezakete izena, eta 18 urte azpikoek heldu baten laguntza izan beharko dute. 

Txapelketako arauak

Patata tortila txapelketan parte hartzen duten norbanakoek ordubete izango dute tortila prestatzeko. Festa batzordeak sua, arrautzak, patatak, olioa eta gatza emango dizkio parte-hartzaile bakoitzari. Beraz, txapelketan izena ematen dutenek honako gauza hauek eraman beharko dituzte: zartagina eta tortilari gehitu nahi dion beste edozein produktu.