Sanjuanetan izandako txikizioak salatu ditu Urrestillako Festa Batzordeak

Erabiltzailearen aurpegia

San Juan festetan Urrestillan izan diren hainbat "txikizio" salatu ditu Urrestillako Festa Batzordeak. Zapatuan, ekainaren 25ean, Setaldeko farolak eta hesia txikituta azaldu zirela azaldu dute, baita bide horretako zakarrontziak ere. Horiez gain, errepideko seinaleak, haur eskola kanpoko kristalak eta aulkiak hautsi izana ere salatu dute. 

Hemen Urrestillako Festa Batzordearen oharra:

San Juanak bukatu zaizkigu eta lehenik, eskerrak eman nahi dizkizuegu festak aurrera eramaten lagundu diguzuenoi eta hurbildu zareten guztioi. Hala ere, badirudi, bertaratu ziren batzuk ez zirela festara etorri, hurrengo argazkiei begiratu besterik ez dago horretaz ohartzeko.

Batetik, larunbat goizaldean Serraldeko farolak eta hesi egin berriaren zati handi bat guztiz txikituta agertu ziren eta puska batzuk errekara botata, bideko zakarrontziekin batera. Hori gutxi balitz bezala, larunbat gauean errepideko seinaleak puskatu eta kendu zituzten, haur eskolaren kanpoko kristalak hautsi eta frontoiaren goialdean zeuden aulkiak behera bota eta txikitu.

Hori horrela, argi eta garbi utzi nahi dugu Urrestillako Festa Batzordea ez dela gertaera horien erantzule egingo. Festak guztiok ondo pasatu eta gozatzeko antolatzen ditugu eta ez han eta hemen bazterrak txikitzen jarduteko; ez zaigu iruditzen parranda egiteko eta ondo pasatzeko indarkeria erabili beharra dagoenik.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide