Han eta hemen

Lepotik gorakoa

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urbieta 2023ko mai. 24a, 08:00

2023ko apirileko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua da honakoa.

Serio natorkizue. Serio demonio. Kontu serioekin txantxa gutxi. Azken boladan coach eta coaching hitzak sarritan entzuten ditut; gehienetan, kirolari edo kirolariei lotuta. Enpresa munduan ere ohikoa bihurtzen ari dira. Coachena moda kontua izan liteke; edo agian ez, litekeena da gero eta indar gehiago izatea. Ez dakit eta ez nau kezkatzen. Kontua da, coachen beharrak buru osasunaren ahulezia agerian uzten duela. Buru osasuna, gai delikatua. Besteengandik nabarmendu beharrak inoiz baino garrantzi gehiago duen gizartean burua da gutxien lantzen dugun gorputzeko atala. Eta burua da –ez ile kizkurtua edo burusoila– besteengandik gehien nabarmenduko gaituena. Kaskezur barruko hori (kanpoko kaskoa aldatzerik ez dago), serietik datorkigun hori, bere lana ondo egin dezan, landu beharra dago. "Ni horrelakoa naiz" esateak ez du balio. Arazoei aurre egiteko, erabakiak hartzeko, norbere buruaren jabe izateko, lepotik gorakoak, bere lekuan egoteaz gain, indartsu egon behar du, sasoiko.

Artzainen atzetik ardi grisen pare, otzan-otzan joan beharrean, izan gaitezen gure bizitzaren gidari. Norbera bere akatsen aita eta bere lorpenen ama. Harro. Ez izan buru handi. Burua txo, burua, handi egiten zaituena.