'Carpe diem'

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urbieta 2022ko mai. 26a, 08:41
(Pixabay)

Txetxu Urbietak 2022ko maiatzeko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Iragarri nizuen. Mundua norabide okerrean doa. Zuzenago esanda, mundua norabide okerrean daramagu. Eta okerrena da, okerrak okertzen tematuta gaudela. Jo ta ke, okertu arte. Bitxia da. Gu-a ni ezberdinok osatzen dugu, eta ni gehienok gure zereginak ezin hobeto egiten ditugula uste dugun bitartean, gu mundua suntsitzen ari gara. Beraz, matematika arauak ez dira guztiz zehatzak. Aita Juliok esan zigun zenbaki positiboen baturak beste zenbaki positibo bat eman zuela. Ba, kasu honetan, ez. Gehi eta gehi berdin minus.

Tristura da nagusi. Mundu erdia depresioak jota, beste erdia psikologoen edo psikiatren beharrean. Bizipoza desagertzear. Antropologoen ikerketarako utzi beharrean, zerbait egin beharrean gaude. Ez da erraza, baina gure aurrekoek gure baliabideen laurdena izan gabe lortu bazuten, guk zergatik ez dugu ba lortuko. Belar motxa zer den ikasi beharko dugu: jakituria egoera berrietara moldatzeko gaitasuna omen da. Jakituriak bizipoza berreskuratzen lagundu behar digu. Lau egun bizi behar, eta ez gara ba triste, petral eta haserre biziko! Carpe diem. Gainera, mundua zuzentzera joan litekeenaren aurreneko zantzuak agertu dira: Lagun Onakek berriro Anaitasunari irabazi dio. Haitzaren behetik dagoena haitzaren goitik dagoenaren gainetik egoteko sortu zuen sortzaile handiak. Logika hutsa.

P. D.: Ironia eta umorea, bota eta entzun, bizipozaren oinarri. Xakelek gainera badakite, beti poz.