Errematea

Xelebrio

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urbieta 2021ko aza. 29a, 08:33

Txetxu Urbietak 2021eko azaroko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Ez daukazu esan beharrik, nik neuk onartzen dut. Xelebrea naiz, eta gero eta xelebreago bihurtzen ari naiz. Naizena naiz, nintzenaren eboluzio logikoa, eta neure burua den bezalakoa onartu besterik ez daukat. Xelebretasuna da nire markaren ezaugarrietako bat. Eta orain, harri eta zur utziko zaitut. Ni ere armariotik ateratzera noa. Egia da. Bai. Gaur egungo futbolak aspertu egiten nau.

Dena Reala den garai honetan, Reala izurri bihurtu den sasoian, Reale Arena delakoak ez nau erakartzen. Egia esan, telebistan partida oso bat ikustea kostatu egiten zait, eta inoiz izan ez dudan Realaren kamiseta erosteko premiarik ere ez dut sentitzen. Futbolaren harra barru-barruraino sartuta daukat, sumendia piztuko da, pasioaren labak gainezka egingo du, bai, baina, orain, frankizien futbolak aspertu egiten nau.

Kontrax, xelebrea, beti besteen norabidearen aurka... Arrazoia duzu, nahi duzuna pentsatu, baina horrelakoa naiz, eta hemendik aurrera, egiten dudana egin, egingo dudan apurra, okerrera egingo dut, ziur nago. Bien bitartean, futboletik biziko naiz, haurrak Betharrametan, neska eta mutil, futbolaren izerdiaz gozatuz ikusten zoriontsu.