Errematea

Gutxi

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urbieta 2021ko ira. 1a, 08:29
Zarauzko hondartza. (Aritz Mutiozabal)

Txetxu Urbietak 2021eko abuztuko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Zutabe hau dakusazunean, ni neu, neroni, hegoaldeko gure hondartzarik luzeenean eta ederrenean txaparrotan egongo naiz (xapogeografikeriatan orain ere). "Alferra orain ere etzanda", pentsatuko duzue. Ez naiz ba ni hondartzako harean etzanda asko egotekoa. Bi ilehoriek, egoten ere, gutxi uzten didate.

Bizitzako lanerdietara iristear, erabat zoriontsu izateko gutxi behar dudala sentitzen dut. Uneotan, etxeko goxotasunaz gain, osasuna, pare bat lagunen tertulia (norbaiti kontra egin egin behar, etxean, zurean bezala nirean ere, beti "amen" esan behar baita) eta beste pare bat kaferekin konformatzen naiz. Korforma erraza naizela pentsatuko duzu, neronek ere hori pentsatzen dut. Edo nuen. Eta orain dator filosofokeria. Gutxi izugarri da (pixka bat es mucho baino gehiago). Gizarte materialista eta indibidualista honetan etxeko goxotasuna izatea gutxi al da? Osasuna izatea gutxi al da? Bi lagun, eztabaidan lepoko zaina erakusten uzten dizuten bi lagun izatea, gutxi al da? Bale, bai, pare bat kaferena asko ez da. Zoriona, merkea delakoan, baloratzen ez duzun horretan dago. Horregatik da Gucci hain garestia.

Zutitu eta uretara noa. Posible da. Eguzkiak kalte egin dit, eta frexkatu on baten beharra daukat. Neure onera ez naiz etorriko, baina sukarra baretzen lagunduko dit. Uda on eta zabiltzaten tokian zabiltzatela, utzi xapo arrastoa. Nabarmenak omen gara. Hori ere, gutxi esatea izango da.