Aupa Lagun

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urbieta 2021ko mai. 4a, 08:14

Txetxu Urbietak 2021eko apirileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Psikologo batek behin esan zidan: sartu zure barruan, jo atzera eta aurpegia alaitzen dizuten irudiak aurkitzen ahalegindu zaitez. Ez izan presarik. Bila eta bila aritu ondoren, irudi errepikakorrak. Gizaki sinple eta arrunta izaki, futboleko baloi borobilak alaitzen zuen nire existentzia lurtarra. Atxuia, estrata, Betharrak, Zubiola nahiz Garmendipen, baloiak egiten ninduen zoriontsu. Eta nire jainkoak Garmendipeko soropileko printzeak ziren. Hasi Atxuia, Lakasa eta konpainiarekin, eta Porruerekin, Peñarekin eta Jaimerekin amaitu. Tartean, zientoka idolo, kamiseta zuriarekin eta praka urdinekin. Lagun Onak zen nire etxea, nire familia; Reala bihotza urratzen zidan gustuko maitea. Gaztea bezain inozoa.

Iturbide, Amu eta abarren xapoentzat une zailak dira. Sailkapeneko infernuko sugarretatik ihes egin ezinean. Zauden mailan zaudela, maila galtzeko beldurra mingarria da, oso mingarria. Une zailetan, animoak sufritzen ari zareten guztiontzat. Jaitsi ala ez, Lagun Onak bizirik dago, oso bizirik. Igande goizeko neska-mutilen irribarrea ikusi besterik ez dago. Sufritu bai, baina futbolak ez gaitzala inoiz tristetu. Baloia eta irribarrea anai-arrebak orain eta beti.

Aupa Lagun.