Mudantza

Erabiltzailearen aurpegia

Txetxu Urbietak 2020ko uztaileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

"Nahaste garaian mudantzarik ez”, zioen Iñigok, Loiolako sainduak. Gure patroi handiak arrazoi. Baina arrazoi edo arau orok du arrazoia ematen dion salbuespena. Nahaste garaia da, konfusio sasoia, eta pekatari xume honen iritziz, aldaketa edo mudantza garaia. Bitxo nimiñoaren lurrikarak hankaz gora bota du gure bizitza erosoa egiten zuen oinarri sendoa. Loiolakoaren lagun Pedroren harrian eraikitako oinarria.

Bai, hori ere egia; behin honezkero, egon gaitezen gauden bezala, normalean, aldaketa oro, okerrerako izaten baita. Baina gaztaroko grin iraultzailea atera (aupa Che) eta gure egunerokoan aldaketa egitera ausartu behar dugu. Esate baterako, zera agindu diot neure buruari: erro-errotik moztu behar dut nire petralkeria edo tasuna. Gorroto ditut petralak eta gorroto dut Urbieta petrala. Bizi eta ingurukoen bizitza argiz bete, argiztatu.

PD: Pedro eta Iñigo aipatuta, gure erretore jator Keparen nagusiari mezua. Zuka. Aizu, zuk ere utzi zure petralkeriak, eta lehenbizi eraman zure lur maite honetan dituzun kabroi denak, zure infernuko gelak bete arte. Eta utzi guri zeruan bost izarreko hotelean leku segurua duten lagunez luzaro gozatzen. Zuk ere eman argia gure bizitzari. Adeitasunez. Pino, hire kontu. Maite haugu.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide