Zoriona

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urbieta 2020ko eka. 27a, 11:28

Txetxu Urbietak 2020ko ekaineko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua da honako hau.

Gorrototik salto maitasunera. Maite dut, ezagutu nuen egunetik maitemindu ninduen. Lasaitasuna, gozamena, gauza asko ematen dizkit. Munduan ez dago burua konpontzeko halako psikiatrarik. Pentsa zeinen ona den, galduta nabilenean, ni neu aurkitzen ere laguntzen dit. Dena du ona, dena da onura, abantaila. Lehen egunetik maitasun eternoa agindu banion ere, sarri, adarrak jartzen dizkiot. Eta okerrena da, adarrak neure kaltetan jartzen dizkiodala (hori ere oso gizatiarra omen).

Maite dudanak lasaitasuna ematen didan lekuan, amoranteak estresa eragiten dit; maitalearen gozamenaren ondoan, amoranteak petraldu egiten nau; eta abar. "Eta hori nola da posible?", esango didazu irakurle lagun. Maite dudanak, zerua; besteak, ez baitakit nola deitu, infernuko giltzak. Eta ni, sarriegi, izenik gabeko horren izarapean. Zergatik? Asko ematen duen horrek, asko eskatzen du. Trukean ezer ematen ez duenak, aldiz, ez dit ezer eskatzen. Eta alferrak ia beti errazera, merkezurrera jotzeko ohitura tristea du.

Maite dudanak aurreneko egunetik esan zidan "dudan dena emango dizut", "zoriontsu egingo zaitut, baina ez da musu-truk izango. Zuk ere zeurea jarri beharko duzu". Kostatu egiten zait maite dudan horri neurria hartzea. Gero eta gehiago. Hain da tentea eta zorrotza! Bere bila joan naizen guztietan, izerditan, eztarria lehor-lehor eginda, ia-ia arrastaka iritsi natzaio. Baina bera zapaldu orduko, bakea eta zoriona. Zu beti tente eta zorrotz; ni, makurtzen hasia. Jakizu, beti egongo naizela zuri behetik gora begira. Maite zaitut, maite, Erlo maitea (ñoño xamarra, ez?).