Gorrotoa lege

Erabiltzailearen aurpegia da hau Txetxu Urbieta | Iritzia
2020ko mai. 15a, 08:52

Txetxu Urbietak 2020ko maiatzeko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Pertsona hobeak izango omen gara amesgaizto honetatik ateratzean. Barkatu, baina nire iritzi eta ustea guztiz kontrakoa da. Gorrotoa lege. Irakurri dudan liburu potolena, arreta handienarekin irakurri dudana. Oinaztarrak eta ganboatarrak. Gorrotoa, ezin ikusia. Mendeak pasatu dira, eta gizakiak berdin segitzen du. Aginte, botere eta diru gosea. Bandoak. Nirekin ala nire kontra. Eztabaidarik ez, iritzi trukerik ez, proposamenik ez. Nirea, gurea ala batez. Nire belarrien musikaz badator, dena da ona; operak beste doinu bat badu, zuzenean zakarrontzira. Muturrak muturtuta mutur-joka aritzeko prest. Indar eta botere erakustaldiaren azpian, norbere buruareiko eta iritziekiko konfiantza falta izugarria. Jakituria eza ez da arriskutsua, ikasteko borondate falta eta norbere usteak inposatzeko nahia da hezurretarainoko beldurra ematen duena. Gizarteko esparru guztietan Salvame da nagusi. Politikan, ama ere salduko lukete agintearen truke; sare sozialena etsigarria da, like ala hil; kirolean, garaipena gozamenaren gainetik; balkoietan, zortziretako txaloak...

Oraindik ere baikorra naizela aitortuko dizut. Egoerari aurre egiteko lehenengo egoera onartu behar da, eta nik egina dut. Muturreko gutxiengo horrek mutur joka jarraituko du. Gehiengo masa isilak, isilik. Gizarteak usteltzen jarraituko du. Baina nik badut zugan fedea, itxaropena. Eta pasabide lurtiar labur honetarako zu bezalako dozena erdi nahikoa ditut. Masak saihestuz, talde txikietan goxatuko dugu arima. Hori bai, ez ahaztu, ni bekatari, aurrena eta aurrenekoa. Zaindu.

Informazio gehiago

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu