Izerdiari stop

Erabiltzailearen aurpegia da hau Txetxu Urbieta | Iritzia
2020ko ots. 26a, 08:42

Txetxu Urbietak 2020ko otsaileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Erraz, azkar, gozo eta eroso hitz atseginak ditugu. Aldiz, nekez, makal, mikatz eta deseroso hitzak kontrako eztarrira joaten zaizkigu. Ahalegina "emaidazu egina"-k ordezkatu du. Orain eta geroren ordena aldatu egin dugu. Izerdia da gizaldi honetako izurria. Kolpe zorrik jo gabe erregeen pare bizitzea posible dela sinetsarazi digute eta sinestu egin dugulakoan nago. Joder, Txetxu, hori duk hori erretolika merkea!

Etxeko sofan etzan, zure gustuko serie guztiak bata bestearen atzetik ikusi, arnasa hartzeko futbol partidaren bat tartekatu (edo alderantziz), haurrak Play-arekin gustura utzi, afaria mugikorreko aplikazio baten bidez eskatu, erosketak dendan baino merkeago amarekin zerikusi gutxi duen ama-rekin hasten den enpresa erraldoi horren bidez egin, besteek egiten dutenaren berri Instan izan eta munduaren berri txoriaren sarean gustuko dituzun jainkotxoek karaktere gutxi batzutan emanda jaso. Eta patrikan daukazun deabruaren gailu txiki horretatik apustu egin eta dirua barra-barra irabazi. Horra, erraz, azkar, gozo eta eroso dena. Apokaliptikoek esan dezatela gero erregeen pare bizitzea ez dela posible. Eta hori guztia, izerdi tanta bakar bat isuri gabe. Gozo eta eroso.

Honela, paradisuan bizita, etor bedi norbait bide okerretik goazela esanez. Haurrekin jolasteko denbora hartu, kilometro zeroko jaki osasungarriak etxeko su txikian prestatu, kirola egin, dendaz denda erosketak egin, lagunekin eta ezagunekin aurrez aurre egon eta hitz egin, eta komeni bada arrazoiekin eztabaidatu, horretarako aurrez irakurri, entzun, pentsatu eta hausnartu... Joder, Txetxu, hori duk hori bizitza konplikatu beharra!

Izerdiak aska zaitzala!

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu