Busti

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urbieta 2019ko abe. 4a, 09:29

Txetxu Urbietak 2019ko azaroko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Nuarbeko urtegia da neurgailu egokia. Astebete euririk egin gabe husten den hori eta arratsalde bateko xirimiriak gainezka uzten duen horixe. Putzu latza dirudien arren, ba omen dira xapoon herrian, larunbat gau bakar batean, garagardo putzu handiagoak edaten dituztenak; eta ez bat eta ez bi, dozenaka.

Pentsatzen hasita, burua bueltaka jarrita (garagardo putzurik gabe), klima larrialdiaren ondorioena izugarria da. Giza harremanetan ere bai. Susmo sendoa dut gero eta lehorragoak garela (baietz, ni neu neroni aurrena).

Busti ere gero eta gutxiago bustitzen gara, erabakiak hartzeko unean beste norbaitek urrats bat aurrera egin eta erabakia hartzen badu, erosoago sentitzen garelakoan nago. Busti ere gero eta gutxiago bustitzen dugula seguru nago. Bi datu (egia ala gezur, nire teoria indartzeko balio duten bi datu): gero eta haur gutxiago jaiotzen da eta irailean banandutako bikoteen zerrenda luzea ahoz aho dabilkigu (zenbat gustatzen zaigun besteen bizitzak konpontzea). Krisia, estresa, dena delakoa, gero eta tiro gutxiago.

Eta zintzurra orekaz bustitzearena ere, akabo. Orain asko ez, gorputza orekaz bustitzen genuen. Goizeko anixa, bazkalosteko kafe konpletoa eta afalaurreko txikiteoa. Orain, kolpeko erauntsia. Aste osoa kiroldegian izerdi zikina botatzen pasatu ondoren, larunbat gauean, kolpetik, tanta hotza, aurrean topatutako dena di-da hustu beharra, hurrengo egunean argituko ez balu bezala... Eta argitzen du, kopeta ilunarekin eta aje latzarekin (hori guztia kontatu egin didate, nik neuk ez dut ikusi).

Donald lagunaren txioaren zain geldituko naiz.