One aldizkari man

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urbieta 2019ko urr. 31a, 10:09

Txetxu Urbietak Uztarria aldizkariaren 2019ko urriko zenbakian idatzitako iritzi artikulua da honako hau

Ez naiz Neymar. Uda osoa Maxixatzenek tentatuko ninduelakoan, baina eskaintza kaxkar bat ere ez. Kontratua berritzeko, Uztarria estu hartzeko aukera izango nuenaren ustea bai, baina uztarria lepoan gero eta estuago. Ez naiz ni, ez, Neymar. Ez naiz gaitasunez, ze bere gaitasuna banu, bera baino kapritxosoagoa eta egoistagoa izateko arrisku latza. Esker onekoa izan, eta beti ondo tratatu nauten lekuan zintzo jarraitzea onena. Ainitze Leonardo eta Mailo Al Khalaffiren aginduetara, nire zutabean dudan onena emateko prest. Uztarriaren eskudoa muxukatzeko beti prest.

Azken boladan sarri entzuten ari naizen beste kontu bat ere bai. "Bidali baino lehen norberak jakin behar dik alde egiten”. Uztarria hartu, goitik behera aztertu, eta datu bat: Urbieta, hi haiz kolaboratzaileen artean, xuabe esateko, dekanoa. Beraz, erne eta adi egon beharko dut. Baina nola antzeman agur esateko une egokia zein den? Senari so egin behar zena bihurtu aurretik.

Bazterrak aspertzea da popatik hartzera bidaltzeko arrazoi argietako bat. Agian, bazterrak nazkatuko ditut baina urri hasiera honetan betikoa aldarrikatzeko beharra sentitzen dut. Iritzi bat da. Nirea. Beste iritziek adina balio duena, zutabe publiko batetik idatzia izan arren. Utzi gure neska-mutilei nahi duten kirola egiten; bat, bi, lau edo hamar, egin dezatela gustatzen zaiena. Ez behartu kirol bat egin ahal izateko beste bat egitera. Jarri ahalik eta aukerarik zabalena eta beraiek aukera dezatela, gurasoen laguntzarekin, gustuko dutena, erosoen sentitzen direna edo egin nahi dutena. Nahi dutena, baina kirola egin dezatela, kirola osasuna baita. Eta, batik bat, talde kiroletan, mistorik ez... Txetxuk esana, edo idatzia. Amen.