Sua

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urbieta 2017ko uzt. 10a, 16:08

Ikasle ona nintzen. Urtean urtekoa aurrera ateratzeko ez nuen aparteko arazorik izaten. Nire gurasoek ez zuten inoiz irakasleekin hitz egitera joan beharrik izan (haiek bai garaiak). Baina ikasle garaitik ez zait oso oroitzapen ona gelditu.

Karrera oso-oso luzea egin zitzaidan. Kazetaritza ikasketek ez ninduten batere bete. Esatea edo idaztea gogorra izango da, baina garai bateko soldaduskan urtebete alferrik galtzen bazen, nik unibertsitatean bost urte alferrik galdu nituen. Balio izan zidan gauza bakarra titulua izan zen. Nahi nuen lekuan lana egiteko beharrezkoa nuen titulua. Beste ezer ere ez. Beno, bi lagun: Koldo eta Axkoiti. Karreran bost urtetan baino gehiago ikasi nuen irratiko egun batean. Behin, irakasle batek, muturra okertuta, Fragaren prentsa legea ondo jakin gabe nolako kazetaria izan nahi nuen galdetu zidan. Gaur gustura jakingo nuke irakasle hark kazetari bezala nola baloratzen nauen. Kontua da ez nuela jakiteko ikasten, azterketa gainditzeko ikasten nuela baizik (batzuetan, oso gutxitan, akademikoki dopatuta, baina ez esan inori, hau gu bion arteko sekretua izango da). Azken azterketa gainditu eta titulua eskuetan izan nuenen, hura zen hura lasaitua.

Ikasle neska-mutilak oraintxe ariko dira jo eta su, ikasi eta ikasi; bat edo beste jakiteko, askok azterketak aprobatzeko eta beste askok nota ateratzeko. Egia esango dizuet, ez didazue batere inbidiarik ematen. Dena zuentzat. Hori bai, hamabost bat egun barru infernutik paradisura pasatuko zarete. Hiru hilabete izango dituzue infernuan jasotako suarekin paradisuko bazter guztiak erretzeko. Su horrek bai ematen didala inbidia. Haiek bai garaiak...

 

(2017ko ekaineko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua)