Berpiztu

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urbieta 2017ko urt. 2a, 13:12

Jakina da gure herrian kontrax eta beti alai etxe bereko anaiak direla. Nire gorputzari indarra ematen dion odol (urdinean) ere biak etengabe elkarrekin dabiltza gora eta behera. Kontraxen berri baduzue; bere anaia beti alai ez da hain ezaguna. Baina asko maite dut, nire atalik kuttunena da, aurrera egiteko gasolina ematen didan laguna. 

Inpernura joateko deia jaso arte, beti aurrera egin behar da, eroritakoan jaiki eta palante. Atzera egin behar denean,  glamourra izan behar da. Nire lagun Txapelek erakutsi zidan bezala, atzera ez egin, buelta erdi eman eta beti aurrera.

Etengabe lanean ari den lepo gaineko bolari baikor izateko arrazoiak eskatzen dizkiot. Dakizuenez, legez azpeitiarra naiz eta bihotzez ere bai, azpeitiarra, ez azpeitianoa. Legez, Azpeitiak niri zer eman behar didan badakit; bihotzez nik Azpeitiari zer eman diezaiokedanari bueltaka ari naizela, gauza garrantzitsu batez ohartu naiz. Hilda zegoen Azpeitia biziberritzen ari da. Agian irudipena besterik ez da izango baina benetako egia delakoan nago. Herrian orain gutxi ikusten ez zen beste zerbait ikusten da. Azpeitia piztu egin da, edo pizten ari da. Berpizte horrek arrazoi anitz izango du baina nik bat nabarmendu nahi dut. Gure herriari gazteen ekimenek indarra eman diote. Kirol eta kultur mailan gauzak egiteko prest dagoen gazte labekada emankorra dugu. Azken boladan, xapoen herrian beti zerbait dago. Gauza handi eta ponpoxik ez baina gauza txiki eta polit asko bai.

Utzi gazteei lanean, gure orainari gatza eta piperra ematen  diote, eta guk hondatzen ez badugu, etorkizuna beraiena da. Gorputza xahartuko zait, baina ipar bolak segi beza gazte, beti alai bizi ahal izateko. Eta hori lortzeko, edonori kontrax egiteko prest. 

(2016ko abenduko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzia)