Akabo tontoak

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urbieta 2016ko mar. 30a, 12:10

Dakienak badaki, dakiena daki, ez daki dena, eta zenbat eta gehiago jakin, dena jakiteko dakiena baino askoz gehiago jakin behar denaren jakitun da. Esan liteke, jakintsua bere burua erabateko jakituriatik urrun ikusten duen hura dela. Tontoa jakintsuaren antonimotzat jo genezake, ezer edo ezer gutxi dakiena. Zorionez, edo zoritxarrez, tontoa, inor konturatu gabe, desagertu egin da.

Tontorik gabeko gizartean bizi gara. Norbaitek galdera bat egin eta inor ez da ez dakit esatera ausartuko. Denok denetaz dakigu. Futbolaz edo pelotaz denok jakitea bale, baina gaur egun medikuntzaz, irakaskuntzaz, legediaz, aldaketa klimatikoaz, erabateko orojakile bihurtu gara. Grabitatearen uhinak ere, ikusi, aspalditik ikusten genituela esango nuke.

Interneten ekarpena izan liteke. Batzuk bizitza osoan ikasten eta ikertzen aritu eta zalantzak izan eta besteak Wikipedian sartu, bi minutuz irakurri, eta dena argi eta garbi. Zalantzarik ez. Zero zalantza. Ustea zientzia bihurtu da. Uste dut, esango nuke, zerbait esatekotan... esamolde horiek akabo. Esandakoa, amen jesus! Parkeko solasalditik hasi eta telebista saio nagusieneko tertulietan amaitu, inork zalantzarik ez du. Galdetzen dena galdetu, mahai gainean jartzen den gaia jarri, mundua bi esalditan konponduta.

Ba ez. Ez naiz dena dakitenetaz fidatzen. Zalantza egiten duenak lasaitu egiten nau; zerbait esan aurretik buruko garunak bueltaka jartzen dituenak konfiantza ematen dit; hurkoaren azalpenak zer pentsatua ematen diona interesgarria iruditzen zait. Tontoak laket. Tonto itxurako jakintsuak gogoko. Hitz egiten duenari beldurra, entzuten duenari errespetua. Hitza lanabes duenak esana. Zeuk atera ondorioak.

 

(Martxoko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua da hau)