Oporterapia

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urbieta 2015ko uzt. 20a, 12:49

Gabonetan hogei egun; Aste Santuan bi aste; udan bi hilabete pasa. Oporrez ari naiz. Soldata ere duina. A ze pagotxa! Ba ez, alperra naiz, baina eskaintza horrek tranpa dauka, ez nau batere erakartzen. Irakasleek ez didate batere enbidiarik ematen, sortarazten didaten sentimendua errukiarekin lotuko nuke. Gure garaian, kazetaritza eta filosofiarekin batera magisteritza zen karrerarik errazenetakoa. Gaur egun, irakasle batek NASAko zientzialari batek baino prestaketa osoagoa behar du. Haurrei zer eta nola irakatsi ikastea huskeria da beraientzat. 

Nola ikasi irakastea aldaparik gozoena. Malda pikoagorik izan bada. Esate baterako, nola ikasten da gurasoei haurren notak ematen? Gure garaian etxera eramaten genituen, aitak edo amak izenpetzen zituen, eta kito. Orain notena ‘estatu kontua’ da. Aitak eta amak urtean hiru aldiz joan behar dute irakaslearengana noten berri izatera. Eta aitak eta amak joan behar dute, bestela guraso lana ez duzu arduraz betetzen (hori beste gurasoek laister leporatuko dizute). Une horretan ez nuke irakaslearen larruan egon nahi. Nola esan gurasoei heuren etxeko izarra ez dela inoiz ministro izatera iritsiko (ulertu duzue, ez?); edo bost bikain atera arren, beraien urretxindorrak zergatik ez zazpi bikain, beste halakoren seme edo alabak bezala, ‘gurea gutxiago al da ba?’. Nola jakinarazi gurasoei, pare bat kenduta, beste denen artean, gurasoen artean bezala, bi zentimoren alderik ez dagoela. Tontoenetik azkarrenera bi zentimetro.

Nire miresmena irakasleei, baina jakin zuek  daukazuena ere, neurri batean, zeuok irabazi duzuela. Nire aholkua: umeekin beti goxo eta bere lekutik milimetro bat pasatzen den gurasoarekin, zakar, tabar eta borde. Zuek zarete nire idolo. Oporterapiak indarberritu zaitzatela. Datorren urtekoa ez da samurragoa izango.

Uztaileko Uztarria aldizkarian kaleratutako artikulua.