Kontrax gogoan

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urbieta 2014ko mar. 19a, 12:30

Batzutan, asko jakiteak amorrua ematen du. Harrokeria badirudi ere, azken boladan entzun dudan egiarik borobilenetakoa da. Amorrua, batez ere, zuk bezala beste guztiek ere asko badakite. Ba ote mundu honetan, lagunartean, bazkal ostean, tontakeria baten inguruan, amaigabeko eztabaida sutsu eta temosoa baino kontu osasungarriagorik?

Norbera egia osoaren jabe delakoan, matrailak gorri-gorri egin eta buru gainetik kea dariola, bere egia sutsuki defendatzea da dagoen unerik gozagarrienetakoa. Eta beste denak aurka badituzu, kontrax bat bihurtzen bazara, hori zerua da, hori ordainduko duen eurorik ez da oraindik sortu. Pentsatze hutsarekin bakarrik "katxondo" jartzen hasi bazara, kieto, geldi... Amaitu da zure gozamena. Ditxososko google asmatu zuenak eta google madarikatu hori telefonoetan denen esku jarri zuena, infernuan erre bedi, buelta eta buelta. Eztabaidak amaitu dira, txinpartaren bat sortu orduko, hor agertuko da dena dakien lagun amorragarria, mobila aterako du, "hau google-en berehala argituko diagu", esanaz. "33 urte dizkik, 81ekoa dek". Zertarako jakin, jakite hutsak bi orduko eztabaida magikoa eragotzi badigu? 
 
Google hori zerbait demokratikoa izango da, jakituria, orojakituria, gizaki ororen esku utzi duelako. Baina, denek zuk adina badakite, zertarako dakizuna jakin? Egon zaitez bizitzako 25-30 urte, liburu artean burua jaso gabe, tonto baten moduan, ikasi eta ikasi, eta zertarako, eta mobil triste bat duenak minutu bakar batean zuk adina jakiteko. Horretarako, tonto izanda asmatu. Esan zidan bai niri haur batek, "kazetari? Kioskoan egunkaria saltzeko ere unibertsitatean bost urte ikasi behar al dira?"
 
Askotan entzun dugun esaera da, "dakidan bakarra, zenbat eta gehiago jakin, are eta gutxiago dakidala". Hori esan zuenak, google karrera duenari zer demontre esango ote lioke?
 
Martxoko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua.