Diegoren Behobikeria

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urbieta 2005ko aza. 11a, 18:11

Udazkeneko gripeak bazter guztiak kutsatu ditu. Gure blogak ere bai. Estitxu bera ere urduri (usotara aurreneko aldiz doan ehiztaria dirudizu).

Egia aitortzea nahi baduzue Behobiak ez dit batere grazirik egiten. Estresantea izateaz gain atleta herrikoien aitzakian puztu duten globoak ez nau batere betetzen. Halere igandean denok goza dezazuela.

Uztarria irakurtzen hasita nire lagun Juan Mari Olaizola ikusi dut (behar duzunean ezer eskatu gabe beti dena emateko prest dagoen laguna). Diego Garciaren izena ere ikusi dut...eta zahartrosiak jota, derrigor atzera begiratu behar, eta egun hauetan Behobiako kontu zaharrak burura. Egiari zor, Behobia eta Fukuoka ziren Diego zenak gehien maite zituen bi probak.

Behobia gustuko zuen arrazoi askogaitik. Irteerako tropel estresanteak bere lagun ziren atleta herrikoi guztien miresmena jasotzen zuelako; proban zehar mila ikusleren txalo eta animo oihuak jasotzen zituelako; helmugan besoak jasotzeko aukera izan zuelako. Baina beretzat onena ondoren hasten zen. Diegorentzat onena proba amaitu, bere gustuko lagunak hartu eta Petritegira joatea izaten zen. Sagardoa barra-barra eta txuleta zenbat eta haundiagoa eta hobe (baratzuria zenbat eta gehiago eta hobe). Diego jan-edanean ikusi ez zuenak ezin sinestu ze sake zuen, beldurtzekoa. Txispatu, amaigabeko bertso txar pilo bat bota (barka Diego hau aitortzeagaitik) eta denok etxera. Hurrengo egunean batzuk biharamon latza, Txapel fresko-fresko eta Diego buzoa jantzi eta ezer gertatu ez balitz bezala antxintxike beti bezala presaka.