Bihar Zarautzera eta larunbatean Bilbora joateko deia

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Sortu 2014ko api. 30a, 11:28
Bihar, maiatzak 1, Zarautzera eta larunbatean, maiatzaren 3, Bilbora joateko deialdiak luzatu nahi ditu Azpeitiko Sortuk. \ \ Egungo egoera sozioekonomikoa benetan da lazgarria. Egungo krisia, hartzen diren, hartu beharko liratekeen eta hartzen ez diren erabakien ondorio zuzena da. Troikak agindu eta Europa zein Madrildik ezartzen dizkiguten ereduek ez dute herri honentzat balio. EAEko gobernuak eta Nafarroako gobernuak eskaintzen dizkiguten ereduek ez dute balio, agortuta daude, porrot egin dute. Eta horren ondorio larriak, gure herria nahiz eskualdea modu ezin latzagoan sufritzen ari da. \ \ Sorturen iritziz, euskal ekonomia bidegurutzera iritsi da eta erabaki beharrean gaude: Oligarkiaren Europa, Madril eta CONFEBASK zein Nafarroako patronalaren ereduari men egiten jarraitu ala aurre egin eta gure bidea gauzatzen hasi. Hauxe da jokoan dagoena eta herri honen etorkizunari begira hartu beharreko erabaki funtsezkoa. \ \ Sortuk, Euskal Herriak pairatzen duen ukazioa, nazio gisa eta sozialki (eredu neoliberal honen bitartez), errotik aldatzeko premia ikusten du. Beste eredu bat behar dugu eta guk proposatzen duguna eredu independentea eta sozialista da, edo bestela esanda: ekonomia jendartearen zerbitzura jartzea eta ez oligarkia finantzarioaren esku. \ \ Bestela, Euskal herriak ez dauka etorkizunik. Politikoki, jakina ezetz, baina ezta ekonomikoki ere. Ez dauka etorkizunik espainiar zein frantziar estatuen barruan edo mendean, ezta ere eredu neoliberal honi jarraikiz. Eta pentsatzen dugu egun Euskal Herrian baldintzak ematen direla independentziaren eta sozialismoaren iparra aintzat hartuta, errealitate berriak eraikitzeko, plano politikoan eta sozialean, sakoneko aldaketetara ailegatzeko. \ \ Eredu sozial eta ekonomiko berria behar dugu beraz, askoz ere justuagoa den jendarte eredu berria eta hori aldarrikatzen dugu maiatzaren 1eko testuinguruan. Irtenbidea badago eta gero eta herritar eta eragile gehiago dira eredu politiko sozial eta ekonomiko berriaren norabidean urrats praktikoak ematen ari direnak eta, dagoeneko, zenbait urrats eman ditugu: zerga-politikaren erreforma, tokiko garapenean oinarritutako politikak, elikadura subiranoaren aldeko dinamikak... Hori da bidea. \ \ Sortuk oso garbi du sozial eta ekonomikoki dagoen alternatiba bakarra ezkertiarra dela eta egungo hegemonia ekonomikoaren interesen kontra egin behar duela. Hel diezaiogun aukera horri, urratsez urrats, maiatzaren 1an egongo diren mobilizazioetan parte hartuz, haserrea kalera ateraz eta, maiatzaren 1etik aurrera, alternatibaren eskaintza politikoaren bitartez, presio sozial zein politikoan aurrera eginez eta horretarako indarrak metatuz. \ \ Bukatzeko, Azpeitiko Sortuk dei egiten du LAB sindikatuak maiatzaren 1erako, eguerdiko 12etan Zarautzen deituta duen mobilizaziorako, eta nola ez, maiatzaren 3an Ernai gazte erakundeak deitutako nazio manifestaldian parte hartzera. Bilbora joateko autobuserako izen ematea Orkatzen dago.