Sortu: "Ezkertiar eta abertzale sentitzen den edonork hartu dezake parte eratze prozesuan"

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Sortu 2012ko aza. 29a, 11:35
Sorturen lan taldea, batzar batean.

Azpeitian Sorturen sorrerako lan taldea martxan hasi da, eta larunbateko batzarra prestatzeko lanetan ari direnekin bildu gara, prozesuaren nondik norakoak azaldu ditzaten.

Pasa den ekainean legeztatu zuten Sortu alderdia behin betiko, eta azaroan hasi eta otsailaren 23a bitartean, herriz-herri Sortu izango denaren oinarriak jartzen aritu dira. Azpeitian ere Sorturen sorrerako lan taldea martxan hasi da, eta larunbateko batzarra prestatzeko lanetan ari direnekin bildu gara, prozesuaren nondik norakoak azaldu ditzaten.

Zein helburu ditu Sortu eratzeko prozesuak?

Urte luzez ezker abertzalea legez kanporatua egon da, bere proiektu politikoa defendatzeko baliabide gutxirekin eta errepresioaren jopuntuan. Hala ere, ezker abertzaleak egoera politikoa erabat iraultzeko gaitasuna erakutsi du eta urte gutxian aldaketa sakonak gauzatu dira. Sortu, legeztatua izan da eta, orain, Euskal Herri osoko ezkertiar eta independentisten bilgune politikoa nolakoa izan behar duen definitzera goaz. Azpeitiko egoera ere aztertuko dugu; ditugun gabeziak konpontzeko bideak jarri eta aurrera begira izan beharreko lehentasunak finkatuko ditugu. Herrian, lan egiteko modu berri baten lehen harria jarri nahi dugu.

Bi ponentzia izango dituzue prozesua laguntzeko.

Udaberrian, Euskal Herriko 300 lagunen ekarpenarekin bi ponentzia osatu ziren. Sorturen oinarri ideologikoak eta funtzionamendua biltzen ditu lehenengo ponetziak eta ildo politikoak eta komunikazioa bigarrengoak. Ponentzia horiek ez dira itxiak, eztabaidarako oinarri bat izateko egin dira. 

Gure oinarriei ponentziak eskura banatzen aritu gara azken asteotan, eta aurrez aurre herriko 200 lagun baino gehiagorekin elkartu gara prozesuan parte hartzera gonbidatzeko. Ez dugu aipatu gabe utzi nahi euskal preso politikoen kolektiboa osatzen duten kide guztiei ponentziak eman zaizkiela, eztabaida prozesuan beraien parte hartzea bermatzeko.

Ponentziak herriratu ondoren, lau herri batzar burutzea da gure asmoa.

Zein izango da batzarren egutegia?

Prozesuaren xehetasun guztiak biltzeko, ponentziak irakurri eta jaisteko, www.sortuazpeitia.net webgunea sortu dugu eta batzarren egutegia ere, bertan egongo da. Hauek dira jarri ditugun datak:   

Lehenengo batzarra abenduaren 1ean egingo da, 10:00etan, Baigera I.eko aretoan.   Lehen batzar honen helburua, sortu nahi den indar politiko independentista eta sozialista berriaren perfil politiko-ideologikoa zehaztea izango da. Oinarri ideologikoak finkatuko ditugu.

Bigarren batzarra, abenduaren 15ean egingo da, ordu eta leku berdinean eta Sortuk garatu beharreko ildo politikoa izango da eztabaidagai.

Hirugarren batzarra urtarrilaren 26an izango da eta antolakunde berriaren antolatzeko eta funtzionatzeko moduaz arituko gara. Eta, azkena, ostailaren 9an, barne hauteskunde eguna izango da.

Batzarretan herritarrek egindako ekarpenek garrantzi handia izango dutela azpimarratu nahi dugu eta horretarako, parte hartzea bultzatuko dugu.

Zer egingo duzue parte hartzea sustatzeko?

Esan bezala, gure asmoa denon ekarpenak jasotzea eta Sortu denon iritziak kontuan hartuz eraikitzea da. Parte hartzea bultzatzeko hainbat metodo erabiliko dugu: batetik, batzarretara joaten den jendearen artean harremanak estutzeko eta bestetik, denon iritziak jasotzeko. Talde txikietan banatuko gara, eta 'izotza puskatzeko' bitartekoak jarriko ditugu.

Familia ardurak dituzten pertsonen parte hartzea ahalbideratzeko haurtzaindegi zerbitzua ere egongo da, haurrak zaintzeaz arduratuko diren begiraleak jarriko ditugulako.

Ponentzian egiten den proposamenari hobekuntzak edota ekarpen alternatiboak egiteko aukera izango dute batzarretan parte hartzen duten lagunek. Ekarpen horiek batzarretan bertan sakondu eta bozkatuko dira, onartuak izatekotan, datorren otsailaren 23an egingo den I. Kongresuan onartuko den behin betiko ponentzian jasoko dira.

Prozesuan nork hartu dezake parte?

Deialdia ezkertiar eta abertzale sentitzen den edonori luzatu nahi diogu. Lehenago ezker abertzalekoa izan edo ez, Zutik Euskal Herria ebazpenean jasotzen denarekin ados dagoen oro dago gonbidatuta.  

Gure herriarentzat askatasuna nahi dutenek, justizia sozialean sinesten dutenek, preso eta iheslari politikoak etxean nahi dituztenek, parekidetasunean eta aukera berdintasunean bizi nahi dutenek, ama lurra errespetatu behar dugula uste dutenek, euskaraz bizi nahi dutenek...guzti horien elkargunea izango da Sortu.

Noiz aurkeztuko da Sortu?

Otsailaren 23an ospatutako da Sorturen I. Kongresua. Ordurako, Hego Euskal Herriko 293 herrietan burututako batzarretako aportazioak jasota egongo dira:  oinarri ideologikoak ongi definituta, ildo politikoa zehaztuta, antolatzeko eta funtzionatzeko modua erabakita eta barne ardurak banatuta. Orduan jarriko da %100ean martxan Sortu.

Otsailaren 23tik aurrera ditugun erronka handiei aurre egiteko beharrezko dugun tresna prest izango da. Egin irribarre, irabaztera goaz eta!