Piaspe proiektu eolikoa

Eolikoak hauteskunde kanpainan

Erabiltzailearen aurpegia Sañu Bizirik 2023ko mai. 23a, 09:37
Sañoa gaina.

Sañoan eraiki nahi duten zentral eolikoaren aurreproiektua Sañu Biziriken eskuetara iritsi da, eta taldeak honako adierazpena kaleratu du.

Badira hilabete batzuk eolikoen mehatxuarekin jabetu ginela, baita eraso horren aurrean antolatzen hasi ginela ere. Biak batera gertatu zirela esan genezake, proiektuaren berri jakitearekin batera piztu baitzen berau geldiarazteko grina.

Proiektua publiko egitearekin batera Azpeitiko udala eta Statkraftek proiektuaren zergatiak eta ezaugarri batzuk azaldu zizkiguten, eta honek, urak baretzetik urrun, proiektua gelditzeko dagoen beharraren dimentsioak argitu zizkigun.

Udalak hasieratik eginiko adierazpenetan informazioa ez edukitzearen eta oraindik egiteko zeuden ikerketetan babestu zuen bere burua. Informazio falta hori, ordea, ez zen oztopo izan propaganda politikoa egiteko, proiektu honek ekarriko dizkigun balizko onuren berri hasieratik izan baikenuen.

Informazio falta horri konponbidea ematen saiatuko zirela esan zuten, ahalik eta lasterren publiko egingo zutela esanez. Gaur da eguna, Sañoako eolikoen aurreproiektua gure eskuetara iritsi dela, eta ez udalaren eskutik, Industria Sailetik baizik. Hori errespetu falta izugarria iruditzen zaigu. Bi aukera daude hori horrela izateko: informazioa ezkutatu dute edo ez dira informazio hori eskuratzeaz arduratu. Bi aukerak oso kezkagarriak. Edozein eratara, udalek euren balorazioak egiteko, datu argigarriak ematen dituen aurreproiektua da.

Bestalde, oso deigarria izan da informazioa gure eskuetara iritsi den garaia, hauteskunde bezperetan zehazki. Ez da hori izan ordea hauteskundeak baliatuz publiko egin duten txosten bakarra. Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala ere oraintxe publikatu berri dute. Bi mugimendu horiek kutsu elektoralista nabarmena dutela deritzogu. Argi utzi nahi dugu LPSak martxan dauden prozesu administratiboetan ez duela eragiten. Hau da, LPSa ez da Oleta eta Sañoan egin nahi diren zentralen eraikuntzarako oztopo izango.