Ez deitu desegoki gehiegikeriei

Erabiltzailearen aurpegia Ramon Etxezarreta 2017ko mar. 22a, 18:29

Jesuiten barnetegiko sei urteetatik gutxi daukat esateko gaueko kontuez. Lo egiten nuela, kontzientzia txarrak eta errezo osagarriren bat egiteak lo hartzea berandutzen zidan batzuetan, alferkeria izan ohi nuen pekatua, eta behin, gure pozerako, kolegioak su hartu zuela baina ez zela erre. Horixe. Bada kontu bat ama zenak gogorarazi zidana. Behin kontatu omen nion matematika irakasleak mutikoak lo geunden kamariletara igo eta, Perez Plumedi, Terueleko ikaskideari pijamapea arakatzen ziola gantzontzilorik gabe lo egiteko arau higienikoa urratzen ote zuen jakiteko. Geroztik beldur izaten omen zuen amak. Ohiko matematikako kalabaza jasotzeagatik edo, inoiz edo behin, aprobatzeagatik. Akabo! Pentsatzen omen zuen. Ni galderaren maliziaz jabetu gabe galdetu ere egin omen zidan zer izan Terueleko hartaz. Udako oporren ondoren ez zela kolegiora itzuli erantzun omen nion.

Dibujo irakaslearena ez zen gaueko kontua, egunekoa baizik. Melarra eta azal berdotzeko zen, apala, tentea, hizkera eta esku eta behatz mehekoa. Marrazkia erakustera joaten nintzaion bakoitzean igurzten zidan bere aldera neukan izterrondoa behetik gora, ia goraino. Kariño gehiegitxoa iruditzen zitzaidan, gurasoek ez beste inork eman ziezadaketenaren parekoa, baina ez nintzen kapaz izan, mozoloa, kariñotik haragokorik sumatzeko.

Aita Gaztelumendi

Azpeitia aldeko ikaskide asko bezala, aita Gaztelumendirekin konfesatu nintzen euskaraz egitearen kariaz. Bere gelan husten genituen pekatuak. Bera eserlekuan eserita bizkarra paretari emanda eta gu, ni behintzat, bere parean, erreklinatorioan belauniko, pareta aldera begira. Bere burua nire sorbaldaren kontra, nire lepoa bere besoek inguratua eta ia makurrarazia, nire buru, ez txikia, bere saihets eta izter alboen kontra estutua, eta sermoietan trumoi ahotsa zirudien hura erabat otzandu eta bigundua, samurretan urtua, errezotan gurindua, hasperentsu, dardarti, sotana gainera jauzten zitzaizkion buruko zoldak ere herio dantzan... nola jartzen zen gizona! Inoiz ez zitzaidan bururatu piura horretan jartzea santutasun eta zintzotasun neurrigabekoagatik izan behar ez zuenik.

Ez dakit pasadizo haiek markatutako traumadun pertsona naizen. Ironia eta distantzia traumak badira, bai. Haiek gertaera desegokiak ziren, bai. Ez dakit, ez eta ere, ukituen kasuan desegoki adjektiboa ote den hitza. Sexu kontuetan daukagun desegokiena begirada da, kitzikatu egiten gaitu auziak. Desegokia dena ez da sexua, desegokia da menpekoa, gaztea, nerabea, emakumea, indar gabea, sexu edo edozein jardunera, aktibora edo pasibora, kontzientera edo inkontzientera makurraraztea. Alor zibilean, herritarrean, gehiegikeria delitua da.

 

(2017ko martxoko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzia)