Zalantzak garaiz

Erabiltzailearen aurpegia Ramon Etxezarreta 2016ko abu. 29a, 11:55

Ez zitzaizun gehiegi gustatu baina lehendabizikoan esan nizun Semprunek -erbestea, kontzentrazio esparruak, komunismoa, idazle frantsesa, ministro espainiarra, beti kezka intelektuala- adierazten zuen hura: bere nortasuna eraikitzen igaro zuela bizitzaren lehen erdia eta hura deseraikitzen bigarren erdia. Bide horretan, zituen sinesmen, dogma eta ziurtasun guzti haiek bazterrera boteak zituela baina, ilusio guztiak zeramatzala gainean bizirik eta piztuta. Gaztetasuna eta zahartzaroaren konparazioaren harira etorri zitzaidan Semprunen adierazpen hori. 

Horretan jarraitzen dut, argudioari egotz dakizkion ñabardurak onartu edo aintzat hartzeko prest gehienetan. Ez ahaztu. Igarotzen den egun bakoitzak egun bat zahar izatearen meta egun bat handitzen du, zahartzaroa egun bat hurbilagotzen du, eta gaztetasunari egun bat kentzen dio, inoiz itzuliko ez dena, inoiz itzuliko ez zaiona. Bitarte horretan, nahi gabe ere, ikasi egiten da; eta ikasia pilatu, ia-ia jakintsu izan arte. Berez asko eta asko jakintsu ustearen zamarekin bizitzen eta hiltzen dira, ikasi duten guzti hori gaztetan, osotasunean bizi izateko jakin beharrik behar ez den aro horretan, zahartuta gero dakiten guztia, jakin balute haiek errendituko zituenik ez zela jaioko ustean. 

Beste askok, jende zintzoek esate baterako, zenbat eta gehiago jakin orduan eta gabezia gehiago ikusten dizkiete beren buruei. Zalantza pentsamenduaren funtsezko oinarritzat daukate eta ongi ulertzen dute auzi baten inguruan arrazonamendu ezberdin asko egon daitezkeela, guztiak bidezkoak eta guztiak beharrezkoak aukera egoki bat egiteko. Ongi daiteke zalantzarik eza adimenik ezaren pareko gaitza dela. Zalantzak laguntzen die besteena onartzen eta ulertzen, gauzan zergatiak ikasten. Zalantzak laguntzen die jarrerak eta ekintzak sailkatzen haien egokitasunak kalifikatzen, beti ere kontuan izanik ona ala txarra disjuntiboaren aurrean aritu beharra askotan izango dutela, edo ona edo txarraren arteko tarte luzean maila asko daudela. 

Ongi etorri zalantzara Jurgi, arrazoi izan gabe ere bizi daiteke, eta beti arrazoi izan beharra gaitza da, oso gaitz txarra. Borobil eta gordin erantzun dizkidazu nireak, bortitz eta zuzen bota dizkidazu zureak. Eta gaur zalantzak aitortzen hasi zatzaizkit, ohoragarri ageri zatzaizkit nire aurrean. Zalantzak gizakoi bilakatzen zaitu, bihozkoi, guztiokiko jarrera ireki eta malgua adierazten laguntzen dizu. 

Ez da, nire iritziz, bide aldrebesa. Zalantzak eduki behar dira baina, horiekin ala horien gainetik, erabakiak ere hartu beharrekoak dira, zalantzak uxatzekoak diren bezala. Beti bilatzen diogu orori kezka. 

(Abuztuko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua da honakoa).