Han eta hemen

Erabiltzailearen aurpegia Ramon Etxezarreta 2011ko abe. 5a, 01:12

Gazteleraz hitz egiteko erreklamatu omen zioten alkateari uholdeek harrapatu zituzten auzo hartako auzotarrek, askok edo batzuek. Zutik hitz egiteko. Ez ziotela ulertzen. Gazteleraz egiteko. Alkateak, kronikak zionez, "eskubidea daukat, ez?", erantzun omen zien.

Biharamunetan eztabaidak izan ziren, zein ote zen lehenago, alkatearen eskubidea ala herritarrena, eskaera oihuz egin zutenena. Denetako erantzunak zeuden, hemen, gu, haiek, hitz sarriak izan ziren. Alkatearen eskubide ukiezinaren argudioa zegoen mutur batean eta uretan ia ito zirenenak duen laguntza moduena zegoen bestean Bien tartean iritzi diferenteak, lanak eman zizkidan isiltasunak. 

Egun batera edo bira, uholdeek harrapatu zituzten auzo hartako auzotarren inguruko beste auzo batera iritsi zen alkatea, urek gain hartu zien beste herritar batzuekin hitz egitera. Kronikak dio, ez daukagu guk kronikak gaiztoak ala zintzoak izatearen errurik, alkateak esan zuela minutu bat egingo zuela euskaraz, soilik, eta aurrera gazteleraz jarraituko zuela. 

Eztabaidei jarraipena emateko aparteko aukera. Aurrekoan alkatearen jokaera zuzena ez ezik heroikotzat ere jo zutenek ez aditu edo irakurriarena egin ote zuten nago. Hemen ere denetarakoak, zergatik herritarren eskubidea alkatearenaren gainetik, zergatik han eta ez hemen, probokazioak eta abarrak. Animoak suaren ertz ertzeraino hurbiltzear egon ziren. Iritzi pertsonala ezkuta daitekeeneraino ezkutatuko dut, sutara egur gehiago ez botatze aldera edo, baina zilegi bekit ur txarrak hartzea inori alkateak bietan zuzen jokatu zuela entzuten badiot.

(Abenduaren 2ko El Diario Vasco-kon argitaratutako zutabea).