Euskal Herriko egunsentizaleak

Erabiltzailearen aurpegia Ramon Etxezarreta 2011ko ira. 19a, 02:09

Berria egunkarian irailaren 18an argitaratutako artikulua

 

“Genté elegantía” eta “tenodoroa” edo “fourchetoa” entzunda hirurehun edo laurehunen bat hitz zituen asmazio trebea iruditzen zitzaion euskara Julio Cambari. Esan egin behar, aldi berean, gaizki hitz egindako gaztelera ere iruditzen zitzaiola galegoa. Ez dira ideia harrigarriak idazle frankista batengan. Vilanova de Arousako semeari ez fidatzeko esaten omen zioten euskaraz tenodoroa edo genté elegantía esaten zutenekin, hauek ez zekitelako euskaraz, galdetzeko Mourlane Michelena irundarrari. Hau entzunaren entzunez euskara, egiaz, hiztegi aberasduna zela eta honen gordetzaile bakarra Mourlane Michelena zela uste izatera iritsi omen zen.

 

Ez zaio, nik dakidala eta bestelakorik idatzi baldin bada ere, euskararen alorretan aztarna ezagunagorik aitortzen Mourlaneri, salbu eta Euskal Ikaskuntzen Lehen Mundu Batzarrean aurkeztu zuen Los poetas en lengua vasca – La poesía vascongada en el siglo XIX ponentzia. Jakina da sentimendu nazionalistak izan omen zituela gaztetan eta horiek bazter batera utziz, edo nazionalismoz aldatuz, falangista, sortzailetakoa kasik eta ondoren frankismoko gizon, irudi eta ikur bilakatu zela.

 

Gaurko gazteei harrigarri egingo bazaie ere Mourlanerena ez da batere ibilbide bitxi edo arraroa Euskal Herrian. Euskararekin zaletuak izan ez baziren ere falange zale ugari izan zen hemen hauetan, eta historia ezagutzen pixka bat saiatuz gero protagonismo handia izan zutenak gainera falangismoaren eta frankismoaren giroetan. Ikusi besterik ez daude Pedro Eguillorrek Bilbon, euskal sezesionismoari aurre egin asmoz jarrera unitarista espainolak landu eta zabaldu nahian, sortu zuen Lyon d’or tertuliaren aztarnak. Zeinek, faszismoaren poeta izaten bukatu zuen, zeinek Cara al Solen bertsoak erredaktatzen, zeinek kazetaritza frankistaren ordezkaritza korporatiboa eramaten, edo Francoren ministro izaten. Basterra, Quadra Salcedo, Jose Maria Salaverria, Areilza, Lequerica, Zuazagoitia, Ramiro de Maeztu…

 

Aipatutako izen horietako bakoitzak bere argibide ugari merezi baditu ere hiru dira falangismoaren eta frankismoaren gorabeheretan izan zuten protagonismoagatik aipamen berezia merezi, edo behar, duten euskaldunak. Rafael Sánchez Mazas, berriro aipatzen dudan Mourlane Michelena, eta Jacinto Miquelarena.  Lehena euskaldunaren paradigma izan zen gerraostean, Madrid garatzen eginkizun nagusia eta ekarpen ezinbestekoa izan zuten injineru, promotore eta finantzari euskaldun eta bizkaitarren ikurra. Miquelarena aitzindaria izan zen Espainiako kirol kazetaritzan, Bilboko Excelsior-en hasi eta ibilbide luze bezain oparoarekin. Egunkari hau, Excelsior, izan zen Espainiako lehen kirol egunkaria eta Euzkadi argitaratzen zuen talde editorial berekoa izan zen marka abertzalea zenbaiti jasanezina egin eta desagertu zen arte. Mourlanek bide luzea egin zuen kazetaritzan, zuzendaritza ardura eta guzti. Indalecio Prietok esana omen, inor baldin bada munduan Ford etxeko antolamendua guztiz nahasteko gai, hura Pedro Mourlane omen zela.

Hirurek izan zuten oihartzun handia kazetaritzan eta falangismoaren eta ondorengo frankismoaren panorama literarioan, ahaztu gabe aldi askotan Manuel Aznar abertzale ohiak, abizen bereko Espainiako lehendakari ohiaren aitonak, hirurekin izan zuen zerikusi garrantzitsua eta azpimarragarria. Baina hiruren arteko beste bitxikeria baten aitzakiak nakar honetara. Hirurek hartu zuten parte Cara al sol ereserkiaren hitzak idazterakoan Madrideko La cueva del Orkonpon tabernan.

 

Jose Antonio Primo de Riverak poeten eskuadrari deitu omen zion 1935eko abenduaren 3an egin zen bilerara. Abesti alai, gorrotorik gabea, baina maitasun eta gudakoa biak batera behar zuena, egitera  “andregaiari egingo diogu estrofa bat, aipamen bat jarraian izarretako goardia eternalari eta beste bat, gero, garaipenari eta bakeari” Bakoitzak bere ekarpen poetikoa egin behar izan omen zuen eta lerro bakoitzari bere egilea egozten zaio. “Volverá a reir la primavera” eta “que en España empieza a amanecer” omen Miquelarenarenak.

 

Euskal izendun tabernari, hainbeste euskal herritarri, oraindik ere gure arteko osagarri gehiago erantsi zitzaizkion. Bilera hartan musikari bat ere izan zen, Juan Telleria zegamarra, Ogi zerutik eliz kantaren egilea, eta honek ereserkiarentzako musikaren ekarpena egin zuen, diotenez euskal aireak zituen musika eta ordu arteraino Amanecer en Cegama izenburua zeraman musika eta geroztik Cara al sol izenez ezagunegi, tamalez, egin zitzaiguna guztioi.

 

Ibili luzeak egin ditu ordutik hona gure bideak, neketsuak, sufrituak, atseginak, denetarikoak eta egun ez dakit iragana irudikatzeko gai diren gure gazteak edo gai garen gu geu. Baina beharrezko iruditzen zait egiarik ez ezkutatzea eta euskal adjektiboaren pean guztietatik, onetik bezala gaiztotik, kabitu izan dela eta kabitzen dela jakin eta ez ahaztea, falangea eta frankismoa gure artetik kanpoko zerbait izan direnaren kontzientzia okerrik ez izatea.

 

Ernest Lluch zenak behin eta berrio aipatzen zuen Vichy Catalán-a, Frantziak Vichy izan zuen bezala Catalunyak frankismoarekin lankidetza eta elkarbizitza lasaia izan zuen burges eta jende ugari sartzen zituen, uraz gain, etiketa horren pean. Asesinatua izan aurretik Euskaldunon Egunkarian argitaratu zuen horri buruzko artikulua. Gurean ere antzeko ugari izan zela agerikoa dela uste dut, denak gure artekoak, Zegamako egunsentiaren zaleak. Ez ditut nik hauek aldarrikatuko, baina ez eta ahaztuko ere. Badaezpada ere eta guztien jakinerako.