Baxoerditarako moduan?

Erabiltzailearen aurpegia da hau Ramon Etxezarreta |
2011ko ots. 22a, 20:02

berria 2011-02-22

 

Dirudienez harako hura ez zen enteratu ere egin eta baxoerditan jarraitu omen zuen etxetik mandatua iritsi zitzaion arte:

-         Amak esan du gerrak irten duela eta joateko etxera.

Ramon Saizarbitoriak eta bere literaturak kutsatutako kezka dut hau. Beti galdetu izan du Ramonek nolakoa ote zen egunerokotasuna, zer arraio gertatzen ote zen bazterretan eta jendeetan, gerrak irten baino minutu bat lehenago, bi lehenago, egunean, bezperan. Bazterretan eta jendeetan esan dut, inork ez dezan historiako eskulibururik egokienera jo esplikazio politikoki zuzena eta akademikoki tatxarik gabea emateko, inork ez dezan pentsa galderak erantzun jakin bat eta bakarra dutelako egin behar eta egiten direla. Zer ote zen gerra pertsona bat eta bakoitzean? Inoiz ere amaituko eta osotasunean argituko ez den historia izango da, tamalez.

Azken boladan Euskal Herrietan esku artean darabilgun auzian, ez dakit gerraren paralelismoak balio duen baina, saiatu behar genuke galderak egoki egiten, aurrez erantzunik ez daukagun galderak egiten. Oraindaino artekoan galdera tranposo gehiegi egin dugu, ziurrenik, bizimodu publiko eta pribatuan eta utilidaderik gabeko erantzuna besterik ez dugu eman. Gaudenera ekarri gaitu.

Pozik jakingo nuke, eta guztiok jakin beharko genukeela iruditzen zait, gutako bakoitza zer minututan, zer instatetan murgildu zen edo murgiltzen hasi zen gure auzi, gerra, afera, arazo, dei bakoitzak nahi duen bezala, honetan. Manualek edozer erantzungo digute, Babilonia, Larramendi, Xaho, karlistadak, 36a, hizkuntza, inmigrazioa, lana, eliza... edozer, eta ez zaie arrazoirik faltako. Baina horiek guztiak, eta gehiago, datu objektibo izanik, dira gutako bakoitza eta bere bazterren arrazoiak.

Aukera egin genuen? Harrapatu egin gintuen? Jaio egin ginen? Irakatsi egin ziguten? Ikasi egin genuen? Asmatu egin dugu? Beti horrela izan garelako da? Gutako bakoitzak unibertsoaren historiaz haruntzago eduki behar duela, iruditzen zait, zio pertsonal bat edo gehiago, eta inportantea dela hori bakoitzak garbi jakin eta historia pertsonalaren abiapuntutzat ezartzea, edozein delarik ere horren arrazoia. Abiapuntu horretatik gaurdainoko ibilbidearen kontakizuna ezinbestekoa dugu bakoitzak, kontakizun publikoa ala pribatua baina zuzena, ondradua, tranparik gabea. Gutako bakoitzak esaten dut ez inori erreprotxeak egin edo ardurak aurpegiratu asmoz, besterenaren berri jakitea derrigorrezko delako bizikizunak ezberdinak direla onartu eta aitortu nahi bada, ezinbesteko delako gertatuaren berririk zehatzena jakin ahal izateko.

Abiapuntua identifikatuta badirudi logika duela gaur bakoitzaren egoera, pentsamendua, asmoa, errealitatea zenbateraino ezberdindu, aldatu, moldatu edo egokitu den jakin nahi izateak, logikoa dela eta komenigarria. Uste baino askoz ezberdinagoak izango dira bi uneak eta uste baino askoz ere berdinagoak, eta inoiz ez nahi bezalakoak, ez hura eta ez gaurkoa. Zein momentutan, sarrerako pasadizora joaz, deituko zigukeen amak? Zein momentutan deituko genion hurkoari etxeratzea preziso duela esateko? Une horien identifikazioa korapilo askoren giltzarri lirateke baina tira...

Galderarik inportanteena, agian, geurekoiena eta bihozgabeena hau da. Merezi izan al du? Merezi al digu? Merezi izan al dit? Erantzun honen manualak idazteko daude eta azterketa inoren laguntza eta babesik gabe egitea tokatzen zaigu. Galdera latza da, gogorra, egin ala ez egin geure kontzientzien bizkarretan geure mundualdiaren bukaeraraino lagunduko diguna. Honetarako?

Ez dut ahaztuko nola, gerra bukatu eta dozenerdi bat urtera Bosniako hiri bateko alkate bati galdetu nion ea, paseak pasata eta zeudenean egonda, zerk merezi izan zien, Jugoslavia zatituak, ala Jugoslavia zaharrak. Izango liratekeela berriro Jugoslavia, erantzun zidan, baldin eta Kroazia barne bazegoen, bestela ezetz. Inpresionatu egin ninduen.

Pasadizoa gure ordezkaririk gorenenetako bati kontatzeko parada izan nuen gerora eta honek ez zuen bitan pentsatu beharrik izan: “baina hemendik berrogei edo berrogeitamar urtera hangoek jakin egingo dute bosniarrak, bosniar hutsak direla, ez beste ezer”. Gerra bat bizi eta bizi ez eta bizitzerik espero ez duenaren artekoa zela iruditu zitzaidan iritzien arteko ezberdintasuna.

Ez dakit guk geureaz zer erantzun jasoko genituzkeen. Jakitekotan ez ginela abiatuko, merezi izan duela guztiak, beste ibilbide bat zela egin behar genuena, berriro ez gaituela harrapatuko, okerragora egin dugula, hobera, orduko gure pozak eta alegriak direla gure gaurkoak ere, pena eta mina besterik ez dugula izan eta izango... Konta ezin ahalakoak jasoko genituzke.

Baina egon, iritsi garen unean gaude eta, kulparekin edo kulparik gabe badirudi iritsi dela elkarren berri, beldurrik gabe, jakiteko garaia eta elkarren ezberdintasunak onartzekoak. Hemen garbi, guztiz garbi esaten dena, ia inor ez gaudela, eta legeak eta gizalegeak abian jarri behar dugun beste kontakizun berriago eta konpartituago batera egokitu behar ditugula.

- Esan egin beharko amari berriro baxoerditarako moduan ote garen. edo...

 

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu