Zezenketen kontrako elkarretaratzeak deitu ditu Oinatzek uztailaren 30erako eta 31rako

Erabiltzailearen aurpegia Oinatz Elkarte Animalista 2022ko uzt. 26a, 12:32
Zezen beltza larrean. (Santiago Molina N. - Wikipedia)

Zezen plazaren aurrean izango dira biak, 17:30ean, Nire bizitza, zure dibertsioaren truke? leloarekin.

Azpeitian zezenketak eta sokamuturrak tradizio luzetik datoz, egia, baina tradizioz datorren dena ezin dugu onartu.

Gaur egun, munduan zehar tradizio kontsideratutako ohitura asko gaurko begiekin ikusita ezin ditugu inondik inora onartu, borroka luzeen ondoren eskubideak lortu ditugulako, bai pertsonontzat eta bai animalientzat. Gero eta gehiagori begiak irekitzen ari zaizkigu, bidegabekeria direla ikusi eta baztertu beharrekoak direla irizten diogu.

Jai ereduarena da beste gai bat.

Zer da jai egitea? Zerekin gozatzen dugu? Zer balio bultzatzen ditugu antolatzen ditugun ekintzekin?

Jaia kontsideratu dezakegu ehundaka pertsonak animalia bat nola torturatzen den ikustea?

Gure iritziz, denok gozatzen ez badugu –animaliek eta pertsonok–, hori ez da jai egitea; eman diezaiogun beste izen bat, baina jaia, ez.

Zer gertatzen ari da gure inguruko herrietan? Zezenketak kentzen ari direla, galdeketak ere egiten dira animaliarik gabeko jaiak antolatzeko.

Zer gertatzen ari da Azpeitian azken urteetan?

Lehen zeudenez gain, ugaritzen ari direla animaliekin egiten diren ekintzak, umeak txiki-txikitatik sartu nahi direla animaliak modu krudelean erabiltzen diren espektakuloetan, urtean zehar gero eta presentzia gehiago dutela horrelakoek.

Horrelakoen aurkako aldarria zorionez gero eta zabalagoa da bazter guztietan. Auzitan jartzen dira eredu hori jarraitzen duten jaiak .

Azpeitia izango al da animaliak modu ankerrean erabiliz "gozatzeari" utziko dion azkenengoetakoa?

Gure jaietan ez dugu inor sufritzen ikusi nahi, gure jaietan ez dugu odolik nahi.

Horregatik, uztailaren 30ean eta 31n, 17:30ean, zezen plazaren aurrean elkartuko gara, Nire bizitza, zure dibertsioaren truke? leloarekin.