Ez ditzagun begiak itxi

Erabiltzailearen aurpegia Oinatz Elkarte Animalista 2022ko mar. 10a, 10:30

Oinatz elkarte animalistak honako iritzi artikulu hau idatzi du gizakien aisialdirako animaliei ematen zaien tratua salatzeko.

Telebista piztu eta hainbat eta hainbat berri sinestezin ikus ditzakegu egunero; aurrera doan gizarte bat izan ordez, badirudi atzeraka goazela. Bortxaketak, abusuak, hilketak, genero indarkeriak, orain Ukrainako gerrak eta abar luze batek betetzen dute gure eguneroko berrien lekua. Nahiz eta hain ikusgarria ez izan, hor sartuko genituzke animaliek jasaten dituzten tratu txarrak ere. Pandemian sartu ginenean askotan entzun genuen, handik gizarte enpatikoago bat aterako zela. Non ote da hori?

Animaliek ez zutela sentitzen pentsatzen zen orain asko ez arte. Gaur egun, ikerketa askoren emaitzek kontrakoa diote, eta egiaztatu da ugaztun, narrasti, txori, anfibio, arrain eta ornogabe guztiek dituztela sentimenduak. Animaliak gizakiak bezalakoak dira: mina, beldurra, plazera eta emozio positiboak sentitzen dituzte.

Gai honen inguruan luze eta zabal hitz egin genezake, denbora luzez, eta ez genuke sekula bukatuko. Sarri ikus ditzakegu txakurrak beren bizitza osoa kate batean lotuta –eta herritik ez oso urruti gainera, lanerako dela esaten dute, ikaragarria da!–, sokamuturreko zezenak, zezenketak, hainbat eta hainbat animalia egoera txarretan, eta zoritxarrez, hain ohituta gaude, ez baitugu momentu bat hartzen eta hausnartzen.

Inoiz ulertuko ez dugun zerbait da gizakiok ondo pasatzea eta gozatzea animalia bat argi eta garbi sufritzen ari den ekitaldi batean. Zergatik ez ditugu inori sufrimendua eragingo ez dien ekintzak bilatzen gure aisialdirako eta gure gozamenerako?

Gonbidapen bat egin nahi dizuegu: hausnar ezazue gure seme-alabei transmititzen dizkiegun balioez, horiek direlako gizarte honen etorkizuna, animalia bat sufritzen ikustea ez dadin normala izan eta horrek ez dezan balio gure gozamenerako, gure seme-alabek jakin dezaten animaliak ere maitatzen eta ondo tratatzen. Eta helduok ez ditzagun begiak itxi edo ez dezagun beste aldera begiratu, denok merezi dugu-eta ondo bizitzea, bai gizakiok, baita animaliek ere. Atzeraka doan gizarte honi bultzada bat eman diezaiogun, eta pausoak aurreraka eman.