Baimena duzu

Erabiltzailearen aurpegia Eneritz Albizu Lizaso 2019ko urt. 22a, 12:52
(Ilustratzailea: Itziar Aranguren)

Eneritz Albizuk Uztarria aldizkariaren 2019ko urtarrileko zenbakian idatzitako iritzi artikulua da honakoa.

Beste edozein kasu izan balitz, berdin jokatuko genuke. Istripu bat, sute bat, lapurreta bat, bikote (edo hirukote) bat sexua praktikatzen. Horrek ez luke ezer aldatuko. Kasu honetan, erditze bat izan zen, 1766ko Matxinada kalean. Pasa den urteko abenduaren hasieran, sei aldiz iritsi zitzaidan Whatsappez emakume baten bideoa, kalean haurra izaten, egun argitan. Bat-batean, herri osoa ari zen horretaz hizketan.

Beste konturik ez zen, eta ordu erdi baino lehen, kostaldeko herri bateko lagun batek ere galdetu zidan erditze horren inguruan zerbait ba ote nekien. Bi aldiz pentsatu gabe, norbaitek momentu hori izoztu zuen betirako, eta beste askok momentu hori bera zabaldu eta erreproduzitu zuten ehunka aldiz. Hori da jokamolde normala. Zerbait harrigarria ikusten dugun bakoitzean, ezin disfrutatu, ezin amorratu, ezin sentitu... ezin egon eskua poltsikoan sartu eta mugikorra atera gabe.

Gure izateko modua da hau. Ez badago datu grafikorik, ez da gertatu. Eta hori ez da teknologia berrien errua, hori gure errua da: erabiltzaileena eta talde korrontearena. Baina gatozen berriro Matxinada kaleko erditzera. Sortzen didan ezinegona hiru puntutan banatu dut, ideiak argiago ikusteko.

Bat, bi eta hiru

BAT. Katearen lehen fasean, bideoa grabatu zuen pertsona dago. Bi aldiz pentsatu gabe, mugikorra atera, eta gertatzen ari zena jaso zuen. Ez dakit uneren batean burutik pasatu ote zitzaion erditzen ari zen emakume hark nahiko ote lukeen bideo hori grabatzea. Ez dakit burutik pasatu ote zitzaion bera izan zitekeela, bere alaba edo ahizpa. Ez da erraza zehaztea zer alde dagoen intimoaren eta publikoaren artean, eta kalea denona denez, tentazioak irabazten digu. Erditzea parean tokatu zitzaion horretaz ari naiz hizketan, baina badakizu zu izan zintezkeela, ni izan nintekeela.

BI. Hurrengo pausoa egin zuten bideo hori han eta hemen zabaldu zuten guztiek. Berez, ez dirudi horrenbesteko akatsa denik hori zabaltzea, normaltzat ikusten dugu halako bideoak konpartitzea. Denok egin dugu. Baina kostatu egiten zaigu konturatzea bideoa grabatzea bera ez bada guztiz zuzena, guk bideo hori zabaltzen dugun bakoitzean, oker bera errepikatzen dugula mila aldiz.

HIRU. Azkena eta garrantzitsuena. Hainbat hedabidek albiste bezala eman zuten bideo hori. Hori izan zen zabalkundearen zabalkundea. Eta niri ez dit balio esateak haurra izan zuen emakumeak berak nahi zuela telebistan irtetea. Ez dit balio, bideo hori telebistan jarrita mezu bat ematen ari zarelako: "Erabiltzaile batek bideo hau grabatu du, eta guk albistegian jarri dugu. Eskerrik asko zure bideoagatik". Alegia, zilegitasuna ematen ari zara ekintza horri, bere baimenik gabe bere intimitatea grabatzeari eta ekintza hori "albiste" bihurtzeari. Eta ikus-entzuleari adierazten diozu balekoa izan dela hori, berriro ere, gustura jasoko duzuela era horretako bideoa. Baimena ematen ari zara. Beraz, ahaztu aurretik esandakoa, telebista publikoaren, besteak beste, baimena duzu eta.

Eta guk horrelaxe jarraitzen dugu, eta beste edozein kasu izan balitz, berdin jokatuko genuke. Istripu bat, sute bat, lapurreta bat, bikote (edo hirukote) bat sexua praktikatzen. Horrek ez luke ezer aldatuko.