Bihotzetik paperera

Erabiltzailearen aurpegia Eneritz Albizu Lizaso 2017ko api. 6a, 19:55

Bihotzetik zuzen-zuzenean paperera. Asko pentsatu gabe idatzitako gutuna da hau. Asko pentsatu gabe, baina asko sentituta. Arrazoitik, agian, ez dute gehiegi izango nire hitzek, baina bai maitasunetik. Oraindik atzo gertatu zena sinistu gabe, irentsi gabe, arnasa hartzean sabelean sentitzen dudana kontatuko dizut, irakurle. Horrelaxe erabaki dudalako, buruak lekukoa hartu aurretik bihotzari eman nahi diodalako bere lekua

Atzo erakutsi genuen euskaldun izateaz gain, euskaldun izan nahi dugula. Ordua, iluna, euria, ez ziren aitzakia izan ehunka asko azpeitiar, zestoar, azkoitiar... errepidera ateratzeko. Ilusioa, sugarra eta irribarrea. Lekukoa hartu zuten guztiak murgildu ziren ia ikus zitekeen burbuila batean: irribarreari ezin eutsita, bagenekien esku artean zerbait benetan berezia genuela. Euskararen lekukoa, euskarak egiteko duen bidea, euskaldun zaharren eta berrien arteko konplizitatea. Euskaldun izateaz harro sentitu ginen, berezi sentitu ginen, hizkuntza berezia dugulako. Ilusioz begiratzen genion lekukoari eta furgonetaren argiari. Hortzak ezin ezkutatuta ari ginen korrika, euskara etorkizuneko hizkuntza delako, aurrera eta aurrera egiten duena, gelditu gabe, itzali gabe. Gure mintzaira eskoletako, kiroleko, kulturako, lagunarteko, taberna-giroko, lantegietako, etxeko, kaleko, mendiko... hizkuntza dela erakutsi ziguten eskualdean lekukoa hartu zuten ehunka eragilek.

Atzokoan tartea izan genuen euskaldun berriei eta euskaldun izan nahi dutenei aitorpen txiki bat egiteko ere. Berriro ere gure berotasuna helarazi nahi diet. Mila esker euskararen bidea eta euskararen bizitza aukeratzeagatik; eskerrik asko gure komunitateko zati izan nahi duzuelako, besoak zabalduta gaituzue edozein unetan. Gozatzeko hizkuntza bat eta herri bat aurkituko dituzue euskararen eta euskaldunen baitan; eta guk zuek aurkituko zaituztegu, irrikatan gaude. Tantaka-tantaka batzuk gehiago gara, han eta hemen jaiotako euskaldun batzuk gehiago.

Ez da erraza euskaldunen, euskaltzaleen, bidea. Atzokoan bezala, iluntasuna, euria, aldapak... aurkitzen ditugu; eta, askotan, oraindik asfaltatu gabe ditugun errepideetan. Eskubideekin talka egiten dugu, nahiekin, beharrekin, bizimoduekin, aldekoekin eta aurkakoekin. Espaloitik jaitsi gabe ibiltzea ere suertatzen zaigu, eta nekatu egiten du. Batzuetan bakardadeak akitzen zaitu; besteetan, aurkakoak, jende gehiegiren artean txiki izateak. Hala ere, atzokoa bezalako egunek, gauek, ematen dute indarra aurrera egiteko, benetan gure ametsak merezi duela sinisteko, eta amets izateari ere utz diezaiokela pentsatzeko; geure buruei esateko Euskal Herri euskalduna behatz puntekin ukituko dugula berandu baino lehen. Atzoko berotasunak, indarrak, ilusioak, elkarlanak erakutsi digu euskarak egiten gaituela herri. Bultzada ederra izan zen euskararen normalizazioaren alde lanean jarraitzeko, eta errepidean behin eta berriro erori behar badugu ere, behin eta berriro jaikitzeko, gero eta indartsuago. Indarrez beteta gaude: arnasa sakon hartu dugu, eta ez dugu asmorik botatzeko.

Esan bezala, irakurle, mezu hau zuretzat, bihotzetik zuzen-zunenean paperera. Zuretzat, eta atzo Korrikan parte hartu zenuten herritar guztientzat, jarraipena egin duten hedabideentzat, Natuleko lagunentzat eta AEK-ko Leire eta Mirenentzat, lana leporaino egin duten bi emakume maitagarri horientzat. Zoro zoragarri batzuk gara, asteazken goizaldez ilunpetan korrika. Gogoan izango dugu bidean erortzen garen hurrengoan.