Txikia maitatzea

Erabiltzailearen aurpegia Eneritz Albizu Lizaso 2016ko aza. 30a, 10:53

Herri txikia da gurea, euskaldunona; komunitate txikia, etxe-girokoa. Horregatik ume-umetatik izan dugu guk ere gauza txikiak maitatzeko gaitasun hori, askok eta askok iluna ikusten duten lekuan argi izpien beroa sentitzekoa. Beti esaten dut euskara izan dela, bere txikian eta ahulean, nire bizitzako maitasunik handiena, eta hori nire inguruko pertsonek ere elikatu dute. Izan ere, Azpeitian gure hizkuntzak baditu baldin-tzak lasai bizitzeko, osasuntsu.

Euskararen erabilera datuak plazaratu dituzte udalak eta Soziolinguistika Klusterrak. Bertan, ikusi dute Azpeitiko kaleetan, hamar elkarrizketatik zortzi direla euskaraz; hain zuzen, aztertzaileek entzundako solasaldien %81,8. Nola neur dezakegu hori zifra ona edo txarra den? Azpeitian bizi diren lagunen %83,6 dira euskaldunak. Horrek erakusten digu fidelak garela hizkuntza hauta-tzerakoan. Etxetik euskaraz irteten gara, eta kalean, gizarte araua da gure hizkuntzan mintzatzea. Gu euskaraz gara, konplexurik gabe.

Hala ere, euskaraz bizi diren herriak, euskararen arnasguneak, airez husten ari dira. Ikerketa guztietan nabarmentzen digute udalerri erdaldunak euskalduntzen ari direla, baina askotan esaten ez digutena da gero eta gutxiago direla euskararen herriak. Gurearen gisakoak dira euskararen etorkizuna berma dezaketeenak, kultura eta haur-jolasetatik at ere ulertzen dugulako euskara.

Asko euskaldun jaio ginen, euskara etxean, eskolan eta lagunartean oparitu ziguten, eta gauza natural bat bezala jaso eta eman dugu. Halere, ez da hori Euskal Herriaren isla. Gure indarra, bizia transmititzea tokatzen zaigu inguruko herritarrei. Horretarako, gure eremutik kanpo ere egin behar genuke lehen hitza beti euskaraz: Zarauzko tabernan, Bilboko dendan edo Iruñeko plazan.ç

Ezer ez da betiko

Denboraren joanak guztiari aldatzen dio forma: pertsona bezala, herri bezala. Zauriak ixten ditu, eta berriak ireki. Modu horretan, Azpeitia ere, eredu den arren, alda daiteke. Horregatik komeni da guztia esatea. Zazpi urtean 4,3 puntu jaitsi da hizkuntzaren erabilera gure herrian. Ez da oso zifra esangura-tsua, eta datozen urteetako neurketek berretsi beharko dute joera hori. Dena den, erreleboak kezkatzen nau: 65 urtetik gorako pertsonen artean soilik hazi da erabilera. Gainontzeko taldeetan, behera egin du: 5,4 puntu, haurretan; 7,5 puntu, gazteen artean; eta 4,5, helduetan. Etorkizunean, nor izango dira euskara zaintzearen eta zabaltzearen arduradunak? Kimu berriak, bada.

Joera hori orokorra da txoko euskaldunenetan, behar adina laguntzen ez digutelako edo ahazten ari garelako txikia maitatzeak sortzen duen sentimendu hori. Agian, etxeko gaztetxoenei ez diegu azaldu ondo euskarak egiten gaituela euskaldun, eta benetan dela berezia zerbait txikiaren eta desberdinaren jabe izatea. Gure hizkuntza maitatzeko gaitasuna ere transmititu behar diegu, hizkuntza berarekin batera. Maitasunik gabe, ezer ez da betiko; eta maitasunarekin ere.

 

(Azaroko Uztarria aldizkarian argitaratutako artikulua)