Gustatu ala ez

Erabiltzailearen aurpegia Eneritz Albizu Lizaso 2016ko abu. 22a, 11:00

"Neska koskor isila da, errespetu handikoa, eta beti esana egiten duena. Eskolan ere oso gustura daude berarekin, ez diolako kontra egiten inori. Saiatu gara ondo hezten, ikusarazi diogu obeditzen ikasten badu, pertsona eredugarria izango dela". 

 

Halaxe hezten ditugu umeak, heldu izango direnak: kritiketatik at, arrazonamendutik urrun. Nahikoa da errespetuzkoa eta obedientea izatea, eskolan eta etxean nabarmentzeko. Gure historiaren oinordekotza da: frankismoarena, errepresioarena eta, batik bat, isiltasunarena. Urteetan erakutsi digute isilik gelditzea dela aukerarik onena; nolabait, "libre" izateko. Gobernuak kontrolatutako hezkuntzak hori sustatu du, eta herritar xumeenen etxeetan horren alde egin da, "badaezpada". Maila sozial apaletako familiak izan ziren eta dira errepresioa sufritu dutenak.

Ez dira gauzak aldatzen belaunaldi batetik bestera, oroimenean eta bihotzean arrastoak ditugu belaunaldi berriek ere. Isiltasunaren kultura ez da iragana soilik. Agintariek, oraindik, jarraitzen dute isiltasuna sustatzen, inposatzen. Etxeko testuingurutik, herrira salto egiten badugu, ikusiko dugu gure herrian duela aste batzuk gertatutakoa: Uztarria Komunikazio Taldeko kazetari bat identifikatu zuen Ertzaintzak, Azpeitian Tente mugimenduaren batzarraren berri ematen ari zela. Poliziak gerturatu zitzaizkion, eta hamaika galdera egin ostean, argazkiak ezabatzeko iradoki zioten. Gogorarazi zioten Espainiako Gobernuak abian jarritako Herritarren Segurtasunerako legea -Mozal legea- erabil zezaketela bestela, eta ondorio latzak izan zitzakeela. 

Zer da hori ez bada errepresioa, isiltasuna: 1939ra begira jartzea. Berriro ere, agintariek dute boterea zer esan eta zer ezkutatu erabakitzeko. Gustatzen ez zaizkien gauzen inguruan, hobe ez hitz eginda. Erraustegia hobe ez gehiegi aipatuta hedabideetan, eta gutxiago haren kontrako argudioekin. "Zergatik ez erabili boterea komeni ez zaidana tapatzeko? Nik agintzen dut, ni aukeratu nauzue... zilegi da". 

Egin itxi zuten, Egunkaria itxi ziguten, nahiago zutelako isiltasuna. Informatzeko eskubidea ezerezean utzi zuten beraiena defenditzeko; lanpostuak suntsitu zituzten. Hori guztia egin zuten eta egingo dute, onartzen delako agintean egoteak denerako eskubidea ematen duela. Oraingoan, ez digute erredakzioko atea itxi, baina begiak eta ahoa estali dizkigute: ez al da antzekotasunik?

Herritarrentzat jarraituko dugu

Prentsa bide bat da herritarrak informatu eta hezteko, eta hausnarketa bideratzeko. Sentitzen dugu, baina dagoeneko ez gara isilik egoten eta obeditzen ikasi genuen haurrak, eta gure lana egingo dugu: herritarrengatik eta herritarrentzat. 

Ohar bat agintari guztientzat, salbuespenik gabe: Informatzea eta informazioa jasotzea eskubide bat da, eta hura defendatu behar da, informazioaren mamia gustatu ala ez. Ez du balio batzuetan haren gorazarre egiteak eta besteetan, zentsura erabiltzen saiatzeak. 

(Abuztuko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua da hau).