Zure iritziaren bila

Erabiltzailearen aurpegia Eneritz Albizu Lizaso 2016ko ots. 29a, 10:33

Sentimenduek ez dute kolorerik, sexurik, etniarik eta pentsamolderik. Sentitu egiten dira, larruaren barru-barrutik, eta inork ezin die ihes egin. Maitasuna, pena, dolua, bizi-poza: denok geure egin behar, onerako eta txarrerako. Gauza bera gertatzen da eskubideekin ere, teorian eta adierazpenetan, behintzat.

Bizitzeko eskubidea, etxebizitza eskubidea, iritzi askatasuna, ondasunak izateko eskubidea edo biltzeko eskubidea. Ez diozu ukatu halakorik alboko bizilagunari, abertzalea delako, ez delako edo ez duelako jarrera argirik. Eskubideaz eta berdintasunaz ari bagara –teorian, berriro diot–, denok baikara pertsona.
 
Halere, oraindik kostatzen zaigu eskubide indibidualetatik abiatu, eta urrats bat gehiago egitea, taldeari begiratzea. Kolektibo gisa ere, geure aitortzak ditugu, nahiz eta oso aitortuak ez diren. 
 
Ekainaren 12an Azpeitian herri galdeketa egiteko asmoarekin sortu da Hitzartu elkartea. Erabakitzeko eskubidea da taldearen bandera bakarra. Izan nahi al duzu euskal estatu independente bateko herritar? galdetuko du Hitzartuk; herritarrek Bai edo Ez erantzuteko aukera izango dute. Beraz, egitasmoaren helburu bakarra, hain sinple eta hain konplikatu, da herritarrek aukeratzea zer eredu politiko nahi duten beraien herriarentzat, non bizi nahi duten eta nola.
 
Eskubideez eta gure etorkizunaz ari garelako; horregatik ezin du gutxi batzuen kontua izan honek. Zilegi da pentsatzea Espainian bizitzen jarraitu nahi dugula; zilegi den bezala independentzia edo autogobernuaren alde egitea. Iritzi guztiek dute pisu bera hautetsontzietan, boto bakoitza paper bat delako. 
 
Mezu hau helarazi nahi nieke azpeitiarrei: ekainaren 12an ez dute kalera irten behar independentzia egarriz dauden horiek soilik. Zalantzan daudenek irten egin behar dute duda adieraztera, lanean jarraitu behar dela uste dutela esatera; independentziaren aurka daudenek ere botoa ematera irten behar dute, beraien ahotsak beste guztienak bezala balio duela esatera, konplexurik gabe, denok garelako berdin, pertsona. Independentziaren alde dagoenak gauza bera egin dezala, pentsatzen duena aditzera emateko.
 

Balio bera

Uztarriak oparitzen didan txoko honetatik, irakurle, zure iritzia ematera animatzen zaitut. Bihotzak eta buruak esaten dizuna dena delakoa izan, balio handikoa da, zu ere bazarelako Azpeitia eta Euskal Herria; iritzi desberdinek osatzen dugulako herri hau, eta denek merezi dutelako aukera bera kontuan hartuak izateko. Honen zati nahi dut izan; zu ere hala izan zaitezen gustatuko litzaidake, irakurle.
 
Alaitasuna edo lotsa sentitzen duzun bakoitzean, gogoratu: sentimenduak pertsonei lotuta daude, ez baitute egiten distintziorik. Kontuan izan, orduan, zure iritzi eta konbentzimenduak, beste herritar guztiek bezalaxe izango dituzu, barruan. Beste edonorenak bezain baliotsuak dira: erakutsi hori.
 
(Otsaileko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua da hau).